Kontatzen dena garrantzitsua denean

Izenburua: Jak Najdalej Stąd (Inoiz ez dut negarrik egiten)

Zuzendaria: Piotr Domalewski

Herrialdea: Polonia

Iraupena: 93 minutu

.

Nola aurre egin zure aitaren heriotzari, hura ezagutzen ez baduzu? Ola hamazazpi urteko gaztea da eta bere ama eta anaiarekin bizi da Polonian. Egun batean Irlandatik dei bat jasoko du: aita lan istripuz hil da Irlandan. Aitaren gorpua etxera itzultzeko bidaia abiatuko du Olak Irlandara. Bertan, hain ezezaguna zuen aita eta bere bizimodua ezagutuko ditu.

Piotr Domalewski zinema zuzendariak bere bigarren lana aurkeztu du Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean. Bere lehen filmean egin bezala, bigarrenean ere familia da istorioaren abiapuntua. Bere lehen lanarekin Poloniako Zinema Jaialdiko sari nagusia eskuratu zuen zuzendariak eta Poloniako zinemagile berrien belaunaldiko zuzuendari garrantzitsuenetako bat da egun.

Ikusleak pentsa lezake pelikularen abiapuntua sinplea dela. Forma aldetik, ohiko egitura jarraitzen duelako filmak. Kontatzen duenean, gertatzen denean dago, ordea, mamia. Olarengan, berak ikusten eta sentitzen duen horretan. Nola egiten duzu zure aita den, baina aldi berean, ezagutzen ez duzun pertsona baten dolua? Aitaren gorpuaren bila doa, baina aita da Irlandan aurkituko duena.

Bilaketa horren baitan, bertzelako hariak azaleratzen dira pixkanaka. Kontatu behar ote dio Poloniako familiari aitaren Irlandako bizitzaz? Zer egin aitaren diruarekin? Zilegi al da hilabetero aitaren dirua jasotzea, aita ia nor den jakin gabe?

Etengabeko bilaketa horretan, erantzunak ere aurkituko ditu Olak. Mingotsak horietako batzuk. Eta negar egiten ere ikasiko du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude