Haurtzarora bidaia

Izenburua: Chupacabra

Zuzendaria: Grigory Kolomytsev

Herrialdea: Errusia

Iraupena: 75 minutu.

.

“Zer egin dezaket Chupacabra?” Galdetzen dio une batean bederatzi urteko Andreik bere babesletzat hartu duen Chupacabrari. “Ez abandonatu Chupacabra”. Mundu guztiak abandonatu duen unean, Chupacabraren oroitzapena da mutikoak duen bakarra.

Hondartzan dagoen egun batean, abandonatutako txakur bat aurkitzen du Andreik, eta Chupacabra izaki mistikoa dela erabakitzen du. Lehendabizikoz Puerto Ricon ikusi zuten izaki fantastikoa da Chupacabra, Chilen ere ikusi izan dutena, baina baita Errusian ere. Hitzak erraten duen bezala, animaliak urrupatzen dituen piztia.

Bederatzi urte dituen arren, Andreik ez daki ez irakurtzen ez idazten, eta eguna hor zehar bakarrik igarotzen du. Amak umezurztegi batera bidali nahi du, eta aitak abandonatu egin du. Izututa dago bere bizitza berriarekin. Chupacabra eta bere hilobia da munduan babesa ematen dion bakarra.

Bederatzi urteko haur baten barrura eramaten zaitu filmak, bere kezka eta beldurretara, bakardadera, minera, heriotzara eta maitatua izateko behar eta nahiera. Xalotasunera, handinahirik gabe haur baten barnera. Itsaso ondora eramaten du ikuslea, eta Andreik sentitzen duen beldurra sentiarazten dio.

Grigory Kolomytsev zuzendariak Ikusmira Berriak programaren baitan garatu du bere lehen lan luzea, eta bertan nabarmendu zuen bere lehen pelikula haurtzaroari buruz egitea garrantzitsua zela: “Nahikoa denbora igaro da, baina haurtzaroko sentimenduak eta oroitzapenak fresko daude. Itsaso ondoan jaio nintzen. Hori izan zen heriotzarekin izan nuen lehen esperientzia. Olatuen eta haizearen soinua da nire haurtzaroko soinua, eta amaren malkoak, berriz, giza sentimendu nagusia”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude