Emakumetzeari beldurra

Zuzendaria: Sol Berruezo Pichon-Riviere.

Herrialdea: Argentina.

Iraupena: 65 minutu.

Egile gazteen lanek eurekin ekarri ohi dute promesa txikien mamua. Suzanne Lindon izan da aurtengo Zinemaldian askoren arreta bereganatu duen zinemagile berrietako bat Seize printemps filmarekin, eta gordetzeko beste izen bat ikasi dugu gaur: Sol Berruezo Pichon-Riviere. Hala esan dute aurkezleek haren opera prima estreinatu aurretik: “Emakume hazte-bidean dagoen biolentzia ehizatzen bikainak diren zuzendari argentinarren parte bihurtu da, arrastoa ez galtzeko norbait”.

Filma ikusi ondoren eman diogu arrazoia —Berlinalen nazioarteko epaimahaiaren aipamen berezia ere eskuratu zuen—. Fin kontatu du indarkeria isil ezagun naturalizatu hori zuzendariak, neskatila arteko giro batean, umeen begirada “politikoki kutsatugabetik”, eta hor non duen indarra lanak. Uda da, lehengusina taldea oporretan da, eta heriotza tragiko batek irauliko du dena, filma hasi berritan, haietako bat igerilekuan itotzen denean.

Dolua ez da, ordea, filmeko gai zentrala. Haurtzarotik nerabezarora doan igarobidea filmatu nahi izan du Berruezok, eta pasarte ederrak utzi ditu: taldeko zaharrena igerilekua hesitzera datozen gizonak seduzitzen —pelikulan ageri diren bakarrak dira; kamera atzeko lan taldean ere ez da egon apenas gizonik—, gazteagoak ispilu aurrean euren aurpegiak haztatzen, elkar makillatzen, tomateekin nola muxukatu ikasten, hilerokoarekin botatako “balizko haurrari” agur otoitza egiten… Han-hemen entzun dituzten bahitutako nesken inguruko istorioak elkarri kontatzen.

Cloe da protagonista, ahizpa galdu duena, ama orain behea jota duena. Bikain dago, eta hala daude haren lehengusinak ere. Asmatu du zuzendariak hari ezberdinak filmera lotzen —etxean laguntzera datozen ama-alaba paraguaitarren pertsonaiekin, esaterako—, eta hasieran erritmoa motelegia irudi badaiteke ere, aurrera egin ahala borobiltzen doa kontakizuna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude