Maitasun istorio bat

Izenburua: Seize printemps (Hamasei udaberri)

Zuzendaria: Suzanne Lindon

Herrialdea: Frantzia

Iraupena: 74 minutu.

Torontoko Zinema Jaialdian aurkeztu, eta Cannesen sail ofizialerako hautatu ondotik iritsi da Seize Printemps Donostiako Zinemaldira. Zuzendari Berriak sailera hain zuzen. Hamasei urte dituen Suzanne, bere adineko jendeak aspertuta, egunero eskoara bidean ikusten duen gizon helduago batekin obsesionatzen da, Raphaëlekin. Adina gorabehera, maitasun affaire bat hasten dute biek. Bikote harremanaren nondik norakoak kontatzen ditu filmak, zuzendariaren ikuspegi erabat pertsonaletik.

Suzzane Lindon da filmaren zuzendari eta protagonistaren rola jokatzen duena. 20 urte besterik ez ditu, eta bortz urte eman ditu pelikula sortzeko prozesuan. Zuzendariaren freskotasuna nabari du filmak, zuzendariaren begirada pertsonala, gaztetasunaren zigilua. Erronka handia hartu du Lindonek: protagonista eta zuzendaria izatea aldi berean, hori dena bere lehen filmean.

Hasieran Raphaëlekiko obsesio dena, maitasun harreman bihurtzen da pelikularen joanean. Pixkanaka ezagutzen dute elkar Suzannek eta Raphaëlek, eta pixkana josten da bien arteko konplizitate eta maitasuna. Elkarrizketa askorik gabe, begiraden bitartez. Begirada horien bitartez sartzen da hain zuzen ere ikuslea filmera. Baita Suzanneren barne mundura ere. Suzanne sentikor bat deskubritzen du ikusleak, sentitzen duenak erabat ukitzen duen gazte bat. Maitasunari atea irekitzen dion bat. Bidean bere minak ere ikusiko ditu, bere zalantzak. Izan ere noraino egiten dute bat 35 urteko aktore baten eta 16 urteko ikasle baten munduek?

Sentsazio gozoa uzten duen filma da, ohiko pelikula erromantikoetan agertzen den Parisen tipikotasunetik ihes egiten duena. Zerbaitegatik aukeratu zuten Canneseko Sail Ofizialerako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude