Intimitatearen testurak

Izenburua: Autoficción (autofikzioa).

Zuzendaria: Laida Lertxundi.

Herrialdea: AEB-Espania-Zelanda Berria.

Iraupena: 14 minutu.

Hiria egunsentian. Musikari bi erdi ilunetan. Poliziak errepidean. Neska bat lur gainean arrastan darama norbaitek. Beste bat kotxe baten atzealdean botata agertzen da. Jendea espaloietan. Eskubide zibilen aldeko manifestazio bat. Paisaia mugimenduan. Eta, tartekatuta, zenbait emakume euren bizi-lekukotza puskak partekatzen. Ama izateaz, zaurgarri sentitzeaz, abortatatzeaz, antsietatearen esperientziaz. “Ahultasun konstante batean sentitzen naiz”. “Harreman ezberdin bat dut ordutik nire gorputzarekin”. “Bakarrik nagoenetik bakardade gutxiago sentitzen dut. Baliteke zoriontsuago izatea. Kontzienteago sentitzen naiz. Gusturago nire buruarekin, eta horri esker jendearekin egoteko gogo gehiagorekin”.

Iaz Zabaltegi-Tabakelarako epaimahaiburu izan zen Lertxundi Donostiako Zinemaldian, eta sail berera itzuli da aurten, izenburu esanguratsuko film labur batekin: Autoficción (autofikzioa). Sinopsiaren arabera, “fikzioaren eta izatearen zehaztugabetasuna” aztertzen ditu lanak. Behaketa bat da; inguruan ikusten dituenen eta gertukoek kontatzen dizkiotenen elkartze bat.

Ikusezina ikusgai bihurtzeko bulkada batek zeharka dezake, bada, lana. Ekoizpenaren rolak eta egiturak agerian uztean sortzen den intimitatea, intimitate horren testura nola lortu da galdera Lertxundirentzat, Emma Kempekin izandako elkarrizketa luzean azaltzen duenez. Eta emakumeen testigantza zuzenek lehen begi kolpean adierazten dutena baino harago doazela suma dezake ikusleak. Adierazten dutela, esaterako, bizi duten lekua eta unea ere —Los Angeles, Zelanda Berria, XXI. mende hasiera—, garaiko eta tokiko politikek nola zeharkatzen dituzten bakoitzaren istorio pertsonalak

Behaketa da, halaber, lengoiarena. Ez dator alperrik artearen mundutik Lertxundi —bidenabar esan, Gure Artea saria jaso du aurten eta Elias Kerejeta Zine Eskolako sorkuntza graduondoaren arduradun izan da— . Filmetan errealitatea ulertzeko modu jakin bat egonik, horrekin ere jokatzen du lanak.

Sentsazio nahasi bat utz dezake lehen ikustaldian, galderak, hari solteak. Baina sumatzen da iruditan zuzen erakutsi gabekoaren pisua, izebergaren urpeko oinarria, eta eskertzen da hori ere; pelikula narratiboenen artetik ateratzen diren zinema proposamenetara heltzeko aukera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude