“Denetan erradikalena”

Izenburua: Visión nocturna.

Zuzendaria: Carolina Moscoso.

Herrialdea: Txile.

Iraupena: 80 minutu.

Victor Iriarte Donostiako Zinemaldiko filmen hautaketa batzordeko kideak esan du: “500 pelikula baino gehiago ikusi behar izaten ditugu, eta hau izan zen denetan erradikalena, esperientzia gogorrenetakoa”. Carolina Moscosoren Visión nocturna pelikula jaialdira ekartzeko dudarik ez zuten izan, beraz, eta zuzendaria bera Kursaaleko aretoan zela aurkeztu dute gaur lana.

Sinopsiak ere iragartzen zuen arnasa sakon hartu beharko zela pelikularen zenbait unetan: Santiago ondoko hondartza batean bortxatua izan eta zortzi urtera, bortxaketa baten memoria nola egin planteatzen du lanak. Ea posible den halakorik egitea, eta ea zinemaren bitartez egin ote daitekeen. Ea noiz bukatzen den hori, noiz bukatzen den bortxaketa bera.

Ziurrenik ezinezkoa dena posible egiteko saiakera borobil bat da emaitza. Hitzez eta irudiz eraiki du ez fikiozko lana, tripa-tripetatik eta politizazio zorrotz batetik. Hitzek badute garapen bat, irudiek izango duten bezala: irudien gainean idatzita ageri dira, eta apurka hasten da zuzendariaren ahotsa ere pantailan sartzen. Moscoso: “Patriarkatua da hitzaren jabea: ahoskatutako hitzarena, txosten judizialetako hitz jario horrena… Emakumoen isiltasuna izan da historikoki bere boteregune nagusia. Eta filmeko hitzak botere hori kuestionatu nahi du”.

14 urte zituenetik orduak eta orduak grabatzen dituela ere esplikatu du zuzendariak, bere bizitzaren artxibo-irudi horiekin osatu duela nagusiki pelikula den collagea. Irudirik ustez interes gabekoenetik lagun baten erditzera artekoak, erasotua berriz biktimizatzen duen prozesu judizialeko txostenekoak, amorruz kalea piztu nahi duen suarenak. Lau urte eta erdi eman ditu denari forma ematen, bere zaurietan eta zinemagilearen galderetan aztarka, eta amaierako irudiak baino ez ditu bide horretan propio grabatu filmerako: bortxatu zuten lekura buelta. Pantailan hitzok: “Su handi bat bezala da itzulera”.

Nazioarteko Lehiaketaren Film Onenaren Sari Nagusia lortu zuen Moscosok Marseillako jaialdian bere lehen lan luzea den honekin. Arrazoia ugari izango dira tartean, baina ematen du zer pentsatua: une honetan (larunbat iluntzea da), Visión nocturna Donostian ikusteko emanaldi guztietarako geratzen dira sarrerak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude