Biolentziaren koloreak

Izenburua: Nuevo orden.

Zuzendaria: Michel Franco.

Herrialdea: Mexiko.

Iraupena: 86 minutu.

Michel Francori egokitu zaio aurten Perlak sailari hasiera ematea ——Sail Ofizialeko epaimahaikide ere arituko da aurten—, bere lan, askoren ustez, anbiziotsuenarekin: Nuevo orden. Ez da lan luzea, ez da ordu eta erdira iristen, eta hasieratik harrapatzen zaituen bezala, aska zaitzaila nahi duzu bukaerara hurbiltzen joan orduko. Gogorra da, gordina. Kontua da, ordea, ez ote den gogorregia, gordinegia. Eta zenbat jokatzen den -egi horietan.

Mexiko. Luxuzko ezkontza bat, alde guztietatik gainez egiten duen gehiegikeriazko giro bat, eta kanpoan, ez urrun, estatu kolpe basati batean bukatuko duen iraultza bat kea bezala hedatzen. Tartean, bisita bat: aspaldi haien zerbitzari aritutako gizona ezkontza ospakizunera hurbilduko da, haren emazteak behar duen urgentziazko bihotzeko ebakuntzarako diru eske. Ezkongaiaren amak egingo dio harrera. Ordurako, usaindu du kea hark, manifestarien margo berdea ikusi du etxeko txorrotatik behera, eta ezin ezkutatu dezake urduritasuna. Ez dio hutsik egingo intuizioak: ikusleak ere sentituko du, zerbait gertatzear da, eta gertatuko da.

Hortik aurrera, zapalduak zapaltzaile diren distopia eraiki du Francok. Izenburuak aurreratzen du: ordena berria ezarriko dute, elite zuriarenganako mendeku guztiz bihozgabe baten arauei segituz. Hasierako klase biolentzia ustez inplizitu eta jasangaitza, tiroek, ikara dardarek, bortxa askotarikoek ordezkatuko dute. Eta bi bandoen artean izango da, nolabait, protagonista: Marianne (Naian Gonzalez).

“Ez da iragarpen bat, baina bai abisu bat”, adierazi zuen zuzendariak Venezian lana aurkeztu berritan. Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuen gero. “Egoerak eztanda egiten badu, denok galtzen dugu”. Alde horretatik, erraz ekar lezake gogora iazko film izarretako bat: Parasite. Eta piz dezake Bong Joon-horen zintak zabaldu zuen eztabaida ere: nola erretratatzen den langile klasea, zer dakarren indigenak basatasunarekin lotzeak. Aldaketarako aireak hurbildu edo urruntzen dituen.

Koadro bat ageri da pelikula hasiera-hasieran, abstraktua, koloretsua, kaosaren irudikapen bat izan daitekeena. Aberatsen etxeko horman dago zintzilik. Omar Rodriguez-Grahamena da, izenburua hona: Solo los muertos han viso el final de la guerra (Hildakoek baino ez dute ikusi gerraren azkena).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude