Zinemaren gezurra

Izenburua: La vérite.

Zuzendaria: Hirokazu Koreeda.

Herrialdea: Frantzia.

Iraupena: 106 minutu.

 

Udako pelikuletako bat izan da Quentin Tarantinoren Once Upon a Time in Hollywood. 1960ko hamarkadako AEBetako zinema industriaren gorazarrea da, zuzendariaren fetitxe eta keinu guztiekin. Zinemaren barruko munduari heldu dio Hirokazu Koreedak ere, oso bestelako pelikula batekin. Film frantses bat egin du, La vérite: aktore frantses beterano baten ere haren familiaren inguruko kontakizuna. Betetzen ditu film frantsesaren ezaugarriak, baina nabari da zinemagile japoniarraren eskua ere, eta ez familia drama delako soilik.

Eszena batean, Fabiennek (Catherine Deneuve) kritikatu egiten ditu kamera eskuan hartuta filmatzen aritzen diren zuzendariak: “Ez al dute tripoderik? Kamera mugituak ez du poetikotasunik!”. Koreedaren lan berriak mantentzen du haren ohiko poetikotasuna, kamera mugimendu leunetan zein istoriaren unerik distiratsuenetan. Aktore belaunaldiez hitz egiten du, eta haien egoak eta elkarrekiko inbidiak umore kolpeekin biribiltzen ditu. Deneuvek da filmeko izarra, Juliette Binocheren eta Ethan Hawkeren artean. Tarantinoren pelikula baino gehiago ekar dezake gogora Alfred Hitchcocken Rebecca (1940), memoriaz ari baita, iraganaren irudikapenaz.

“Ezin zaitezke memoriaz fio”, esaten du Fabiennek. Memoria gezurra da, nork bere buruari behin eta berriz kontatzen dion gezurra. Zenbat eta gehiagotan kontatu, orduan eta gezurrago izango da. Filma egia bera da, ordea: vérite. Protagonistak idatzitako autobiografiaren izenetik dator. Autobiografia horretan ez dago egia askorik, baina, eta familiako kideen arteko harremana are gehiago gaiztotuko du horrek. Gezurra da nagusi haien arteko talkan. “Egia ez da apasionantea”.

Zinemagileak ez du gezurraren aurkako jarrerarik hartzen, ordea. Berak ez du gezurra salatzen: gezurra irudikatzen du egunerokotasuneko elementu bat gehiago bezala, pertsonaiek aurrera egiteko behar duten funtsezko elementu bat bezala. Diskurtsoa indartzeko, jolas metafilmikoa darabil Koreedak: pelikulan, beste pelikula bat filmatzen ari dira. Errepresentazioaren inguruko ideiek forma argia hartzen dute aktoreek euren artean sortzen duten egiazko jolasaren erdian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude