Ezkerraren nora ezaz

Izenburua: Nos défaites.

Zuzendaria: Jean-Gabriel Periot.

Herrialdea: Frantzia.

Iraupena: 89 minutu.

 

Parisetik hurbil, Rolland d’Ivry-sur Seine institutuko batxilergoko ikasleekin egin du lan Jean-Gabriel Periotek (Bellac, Frantzia, 1974) Nos défaites bere lan berrian. Lehen eszenatik argitu du zer den datorrena, errepresentazioaren eta dokumentalaren arteko uztarketa bat, elementu gutxiko eta interes nahikoko lan bat.

Aktore lanetan jarri ditu ikasleetako batzuk, eta lantalde teknikoan aritu dira besteak. Berrinterpretazio ariketa bat proposatu die: 1970eko hamarkadako zinema militantearen parte diren hainbat lanetako eszenak hartu eta gazteek eurek interpretatzea —zuri-beltzean—: La Salamandra (Alain Tanner, 1970), Camarades (Marin Karmitz, 1969), La Chinoise (Jean-Luc Godard, 1967), A bientôt, j’espère (Chris Marker, Mario Marret, 1968)… Gazteak banaka hartu, eta kamera aurrean jarri ditu ondoren —koloretan—, politikarekin duten harremanaz galdetzeko, nola hautematen duten mundua; jakiteko, esaterako, noraino egon daitezkeen prest gauzak aldatzeko, konpromisoa hartzeko: “Zer da politika zuretzat? Zer da sindikatu bat? Zer iraultza? Zer erregimen kapitalista bat? Zer zoriontasuna?”.

Maskararik gabeko hausnarketa eta berreraikitze teatrala gurutzatzen ditu lanak; iragana eta oraina, etorkizunaz pentsatzeko. Ikasleen erantzunetan ikus daiteke: ezkerraren ilusioak diluituz joan dira 68ko maiatzetik hona, eta bizitza burgesaren sedukzioak aurre hartu dio balizko iraultza baten ideiari. Bakarren batek salbu, denek erantzuten dute ezetz, ez dutela iraultzarik nahi (“ez nire herrialdean”), arazoak ekarriko lituzkeelako (“egun ere arazoak egon badiren arren”).

Iazko maiatzetik ekainera bitartean egin zuen ikasleekin lan hori Periotek. Baina pelikula aldatuko zuen zerbait gertatu zen abenduan: Poliziak protestan ari ziren bigarren hezkuntzako ikasle batzuk atxiki eta belaunikatzera behartu zituen Mantes-la-Jolien herrian. Bideo batean zabaldu zen gertatutakoa, eta irudi horiek berak ere filmean berreraikitzea erabaki zuen zuzendariak, ikasleak jarrita jazarritako ikasle adinkideen larruan. Eta hor aldatu zen dena. Hor sentitu zuten filma bere.

Iaz Zabaltegi-Tabakalera saileko saria irabazi zuen zuzendariak Song for the Jungle film laburrarekin, eta bertan erakutsi du azken lana aurten ere. Bertan izan zen atzo gauean, filma aurkezten, prozesua azaltzen: “Eszenak grabatu aurretik, hitz egiten genuen horietan gertatzen denaz, lantzen genituen kontzeptuak. Baina, gero, bakarka galdetzen nienean, nire harridurarako, ikusten nuen ez zekitela zertaz ari ginen”. Proiektuaren alderik etsigarriena hori egin zaiola aitortu zuen: urruneko ezagutzarekin eta gazteen adierazteko zailtasunarekin topatzea. Kontrara, ikasle batzuei igarri zien garapenak hunkitu zuen zuzendaria: “Amaieran agertzen den neskak hasieran totelka hitz egiten zuen, isila zen. Eta berak amaitzen du filma, esaldi borobil bat esan nahi horrekin”. Gutxi-asko, hau zioena: “Borrokatu egin behar da, baina maitasunagatik”.

Gertatu daiteke ariketa bera emaitza baino interesgarriagoa izatea, eta sortu zait zalantza Nos défaites-en kasua hori ote den. Edonola ere, ariketak aski ertz ditu emaitza bera eusten dutenak, eta gazteen hitzek ere erakusten dute zein den, sor dezakeen tristura zein barregura aparte —algarak entzun ziren aretoan—, gauzak aldatzen hasteko aldatu behar den lehen gauza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude