Ebatsitako ametsak

Izenburua: La hija de un ladrón.

Zuzendaria: Belen Funes.

Herrialdea: Espainia.

Iraupena: 102 minutu.

 

Nahiak eta ezinak bizi dute Sara (Greta Fernandez). “Normala” da bera, halakoa izan nahi luke behintzat. Inguruan ditu haurra, mutil laguna, aita, pisukidea eta auzokoak. Ez dago bakarrik, edo ez luke egon nahi. Belen Funes zinemagileak Sararen bizimodua kontatu du La hija de un ladrón bere lehen film luzean. Oztopo guztien gainetik aurrera egiten duen pertsona bati jarraitzen dio kamerarekin, bizitzaren gordinean murgilduta. Ez dago pertsonaia errazik pelikulan: etengabe tenkatzen eta askatzen dute guztiek ingurukoekin lotzen dituen soka ikusezina.

22 urterekin, ama da Sara. Baita alaba ere. “Lapurraren alaba”, izenburuaren arabera. Horrek argi lezake zer egin duen aitak (Eduard Fernandez) kartzelan egoteko, alabaren ondotik urruntzeko. Funesek ez du informazio guztia ematen: Sarak mutil lagunarekin duen harremana ere ez da batere argia —haurraren aita den ere ez du zehazten—, esaterako. Pertsonaiek hartu behar dituzten erabaki zailak azaltzen ditu, haiek epaiatzeko asmorik gabe. Aita-alaba dira aktore protagonistak ere, Eduard eta Greta Fernandez, eta indar handiko bikotea osatzen dute pantailan. Greta Fernandezen lana sekulakoa da.

Aitarengana hurbildu nahi, baina ezin; aitarengandik urrundu nahi, baina ezin. Harrapatuta dago Sara, eta aurrerantz ihes egitea beste aukerarik ez du, inguruko guztiez arduratzea, inguruan beraz arduratuko den inor ez badago ere. Pelikularen azken zati hunkigarriak azaltzen du ezer ez eduki arren dena emateko prest dagoen pertsonaiaren izaera. Ametsak ere ebatsi dizkiotela ematen du: “SARA” da bere sinadura; lau letra larri, beren soiltasunean. Egunero bizitza aurrera atera behar duenak ez du apaingarririk behar.

Funesen lehen film luzea da La hija de un ladrón, baina haren aurreko lan laburrerako sortu zuen Sara pertsonaia. Isabel Coixetek ekoitzi zuen Sara a la fuga (2015), gazteentzako harrera etxe batean bizi den nerabearen inguruko lana. Inor ez duenaren istorio sozial txikia egin zuen orduan; hartan sakonduta, film handi batekin iritsi da Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude