Erreskaterik gabeko bahiketa

Izenburua: Thalasso.

Zuzendaria: Guillaume Nicloux.

Herrialdea: Frantzia.

Iraupena: 93 minutu.

 

Michel Houellebecq idazlea François Hollande Frantziako presidente ohiak bahitu zuen. Hori da nobelagilearen ustea, behintzat: Frantziako presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztea pentsatu zuen, eta Hollandek bazekien ez zuela irabazteko aukerarik izango. Bahiketa hori kontatu zuen duela bost urte L’enlèvement de Michel Houellebecq (Guillaume Nicloux) filmak, eta haren amaieran abiatzen da Thalasso. Bahiketa sotilagoa bizi du orain idazleak: talasoterapia zentro batean dago tratamentuan.

Ezin fundamentuzko janaririk jan, ezin ardorik edan —neurririk onena, “botila bat otorduko”—, eta hotza pasatu behar krioterapian. Konplize aproposa topatzen duen arte: Gerard Depardieu zentro berean dago, eta hura ere ez dago inork ezarritako arauak onartzeko prest. Une batzuetan —hasieran, batez ere—, bi izarrek disdira egiten dute pantailan. Houellebecqen adierazkortasunik gabeko aktore lana gozatzeko modukoa da. Zinema aretoa barrez bete da filmaren emanaldian.

Guillaume Nicloux zuzendariaren ibilbidean film garrantzitsua da L’enlèvement de Michel Houellebecq. Pelikula berezia da, arriskatu egin zen, eta bide berri bat egiten saiatu da ordutik. Depardieu ezinbesteko bidelaguna da harentzat: Valley of Love (2015) eta The End (2016) pelikuletako protagonista da, eta Les confins du monde-n ere ageri da (2018). Orain, Niclouxek film bakarrean elkartu ditu bere ibilbidean arrasto sakona utzi duten bi gizonak, Frantziako idazlerik eta aktorerik ezagunenak.

Bien gainean jarri du filmaren pisu guztia: zentro batean sartu, eta haiek pelikula nora eramango zain geratu dela dirudi. Houellebecq inguru horretan ikusteak badu bere grazia, eta idazlearen gorputza filmatzeko modua ez da nolanahikoa. Halere, sekuela bat da, eta aurreko filmeko pertsonaiak istorioan nahasten direnean —Houellebecqek harremanetan jarraitzen du bahitzaileekin—, narrastu egiten da ordura arteko zentroko kontakizuna, eta beste bide batetik jarraitzen du. Thalasso-ko bahiketaren erreskatea merkeagoa izango da L’enlèvement de Michel Houellebecq-ena baino, baina ariketa metazinematografikoaren maila ere ez da ordukoaren parekoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude