Hollywood amets eta amesgaizto

SAIL OFIZIALA (Lehiaz kanpo)

Izenburua: ‘Zeroville’

Zuzendaria: James Franco

Herrialdea: AEB

The Disaster Artist-en egin bezala, Zeroville azken filmean zinema munduari begiratu dio James Franco zuzendari eta aktoreak. Orduko hartan film baten (The Room) sortze prozesuan eta filmaketan jarri zuen begia eta kamera Francok, baina film berrian, begirada ireki, eta 1970eko hamarkadan aldatzen ari zen Hollywooden eta zinema industrian jarri du fokua.

Vikar da filmeko protagonista, Hollywoodera dekoratuen eraikuntzan lan egitera iritsiko den zinema zalea. Berehala ezagutuko du Dottie Langer muntatzaile beteranoa, eta harekin batera, bera ere edizio lanak egiten hasiko da. Horrekin batera, Soledad Miranda, Jess Francoren  Vampyros Lesbos filmean parte hartu ondoren Hollywooden bidea egin nahi duen aktorea ezagutu eta hartaz maiteminduko da.

Horra hor, Zeroville hitz gutxitan azaldua. Filmak, ordea, beste hamaika geruza ezkutatzen ditu barnean. Alde batetik, zinemari maitasun keinu ugari egiten dizkion filma da: Vikarrek A Place at The Sun (George Stevens) filmeko Montgomery Clift eta Elizabeth Taylorren irudia dauka tatuatua buru soilduan; John Milius zuzendari eta gidoilari bortitz eta sasifaxistaren antz handia duen pertsonaiak (vikingoa) lagunduko du hasierako uneetan, eta Hollywood berria eraiki zuten zinemagileak -Martin Scorsese, Steven Spielberg, George Lucas, Francis Ford Coppola, Paul Schrader…- aurkituko ditugu euren proiektuak aletzen festa batean.

Baina urteak igarotzen joango dira, eta muntaiarekin duen obsesioan harrapatuta geldituko da Vikar. Carl Dreyerren La passion de Jeanne d’Arc-en ikusiko du Soledad, eta baita A Place at The Sun-en ere, eta une batetik aurrera, bere bizitza ere errealitatearen eta ametsaren artean mugitu da. Amesgaizto ere bihurtzeraino.

Zeroville ez da film perfektua; ezta gutxiago ere. Eta une batzuetan, metazinema ariketak bere burua ere jaten du. Baina, hala ere, ariketa eroa eta ausarta da, irregularra eta nahasia. David Lynchen zinemaren aldaeratzat ere har liteke zenbait unetan —ez da kasualitatea Vikarrek Eraserhead filmea ikustea zinema areto batean—, nahiz eta parametro kobentzionalago batzuetan mugitzen den Franco.

Aipatzekoa da filma musikak blaitzen duela The Animals taldearen musikarekin hasten denetik. Geroago The Stooges taldearen zuzeneko emanaldi bat ere ikusiko dugu, eta 70eko hamarkada amaierara iristen den neurrian, Bauhausen Bela Lugosi’s Dead bihurtuko da Vikarren eroaldiaren soinu banda.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude