Tragedia bat, hezur-haragizkoa

Izenburua: Adults in the Room.

Zuzendaria: Costa-Gavras.

Herrialdea: Frantzia-Grezia.

Iraupena: 124 minutu.

 

Yanis Varufakisen memorietatik edaten duen fikziozko lana osatu du Costa-Gavras zinemagileak Adults in the Room filmean. Beti lau pareten artean, Greziaren erreskatearen gaineko negoziazio etsiak kontatzen ditu, eta, bere larrian, bere egiazkotasunean, tragedia bat da dena, hezur eta haragizkoa; milaka aurpegi dituena, itomenera eramandako milaka bizitza eta aski borrero guztiak zapatapean hartzeko.

Krisia lehertu zenetik, Eurotaldeak inposatutako austeritatearen diktadurak hain bortitz erasan duen jendea, kaleko jendea, apenas agertzen da pelikulan. Grezian azken urteetan izandako manifestazio erraldoien irudiak berreskuratu ditu zuzendariak, baina, gainontzean, Eurotaldeko bileren zirkulu amaigabean katramilatzen da filma. Bere hoztasun infinituan, bortitza da goi esferetako errealitatea hain biluzik ikustea: inor ez dago prest Greziako ordezkariek esateko dutena entzuteko, ez dago tokirik humanitaterako, dena da “zorra ordaindu behar duzue, eta kito, ez dago hitz egiteko beste ezer”. Varufakis eta Tsiprasen taldeak aurrez aurre izango ditu Wolfrang Schaubl, Christine Lagarde, Mario Draghi eta Angela Merkelen tamainako totemak. Eszena batean, bakarrik daudela baliatuta, Varufakisek zuzen galdetuko dio Wolframi: “Orain, esadazu gauza bat: nire lekuan bazeunde, sinatuko zenuke?”. Eta berak, zintzotasun amiñi batez behintzat, ezetz, jakin badakiela sinatzea eskatzen dioten plana zerbait ezinezkoa dela euren jendearentzat.

Boterearen amarauna trinkoan harrapatuta agertuko dira ordezkari grekoak, ehuna nondik nasaitu asmatu ezinda. Grezian azken urteetan pasa dena zertxobait ezagututa, aurreikusgarria ere egin daiteke filma —seguru asko, eta behin jokoak nola funtzionatzen duen argi erakutsita, baita errepikakorra ere—. Eta halere, merezi du; Varufakisen figura eztabaidatura hurbiltzeko eta satira politikoaren justizia txikiaz geratzeko bederen.

Irudien gainean, mezu bat utzi du idatzita Costa-Gavrasek: “Krisiak jarraitu egiten du. Modu heroiko batean, jendeak bizirauten dirau”.

Gaur gauean jasoko du Donostia saria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude