Argiaren indarra

Izenburua: The Lighthouse.

Zuzendaria: Robert Eggers.

Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak.

Iraupena: 110 minutu.

 

“Lehenengo egunerako, nahikoa”, atera zen aldameneko zinemazalearen ahotik aretoko argiak piztu orduko. Donostiako Zinemaldian egunero sei pelikula irensteko apetitua duen jatun finenak ere nekez izango luke The Lighthouse ikustetik atera eta segidan beste pelikula bat ikusteko gorputzaldirik. Muturreko proposamena da Robert Eggersena: bi pertsonaiak uharte mistiko bateko argiarekin duten harremanaren kontanizun hipnotikoa.

Ez da pelikula arina, eta bi aktoreek eutsi behar diote metraje osoaren zamari. Bikaina da Willem Dafoe eta Robert Pattinson protagonisten lana: ezin diote ihes egin eromenaren zurrunbiloari. Farozain beteranoa da Thomas Wake (Dafoe), eta haren laguntzaile berria Ephraim Winslow (Pattinson). Alkoholak baretzen du elkarren arteko giro zakarra, eta umoreak ere topatzen du istorioan sartzeko zirrikituren bat. Bi pertsonaia horiek adinako garrantzia dute, ordea, itsasargiak eta uharteak. Indar esoterikoa du faroko argiak. Haren azpian lau astez bakartuta, sexuaren esperientzia tantrikoa heriotzaren ataria da haientzat. Ez da ikur falikorik falta.

4:3 formatuan eta zuri-beltzezko zinta ortokromatikoan filmatua —argi gorriari sartzen utzi gabe—, begientzat kapritxoa da Eggersen lana. Carl Theodor Dreyer eta Andrei Tarkovskiren pareko izen handien itzal iradokitzailea sumatzen da itsasargiaren inguruan, estetikagatik zein istorio gordinagatik.

The Witch (2015) pelikulan egin zuen moduan, zuzendariak iraganeko Ingalaterra Berrian kokatu du istorioa, eta orduko hizkeraren poesiaz jantzi du dialogo bakoitza. Zirraragarria da Dafoeren pirata jarduna. Bi filmetan, pertsonaia eta elementu gutxirekin goi mailako lan iradokitzailea egin du Eggersek. The Lighthouse-ren zuzendaritza zorrotzagoa da gidoia baino, eta, amaiera aldera, esan beharrekoak esan dituenean, bere buruaren inguruan bueltaka ari den irudipena eman lezake filmak. Dena dela, beldur psikologikoan maisua da zinemagilea: salto errazeko ezustekorik gabe, ikus-entzulearen gorputzera garraiatzen du indar ikusezinek eragindako ezinegona.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude