Drone begiluzea

Izenburua: Les misérables.

Zuzendaria: Ladj Ly.

Herrialdea: Frantzia.

Iraupena: 103 minutu.

 

Droneak dira kataloxa berriak. Rear Window-eko (Alfred Hitchcock, 1954) Jeffen (James Stewart) begirada zorrotza du Les misérables-eko Buzz mutikoak (Al-Hassan Ly). Pantaila txiki bati begira kontrolpean du auzoa. Neska gazteen logeletako leihoetara zuzendu ohi du kamera, haien intimitatea behatzeko ondoren: arropa kentzen, dantzan. Dronearen hegaldiek filmatu dituzte beste gauza batzuk ere. Krimenen aurkako brigadako hiru polizia Parisko auzo marjinal horretako gaztetxoei oldartu zaizkie, eta erantzun egin diete haiek, lurrean topatutako edozer jaurtiz. Halako batean, zalaparta betean, polizia batek gazte bati tiro egin dio. Isildu da auzoa; ez Buzzen dronearen helizeen hotsa. Material garrantzitsua du esku artean.

Ladj Lyren lehenengo pelikula da Les misérables, eta Cannesko Zinemaldiko Sail Ofizialera eraman du zuzenean. Kronika soziala osatu du, kamera eskuan hartu eta protagonistak euren bizimodu gogorrean jarraitzen dituena. Frantziako gizarte multikulturalak elkarrekin ospatzen du hasieran selekzioaren Munduko Futbol Txapelketako garaipena, baina une batean banderaren azpian sortutako batasuna berehala txikitzen da hamaika zatitan. Taldetan banatuta dago auzoa, eta euren legea dute, itxura batean.

“Legea ni naiz”, esaten du polizia batek. Hiru agenteren egun bateko jaduna jarraitzen du filmak. Haietako bat iritsi berria da, eta bi kideek auzoa nolakoa den erakutsi nahi diote. Indarkeriarekin kontrolatu nahi dituzte gazteak, eta indarkeria nabari da giroan. Polizia berriak, ordea, zalantza gehiago ditu haien jokamoldearen inguruan.

Frantziako zati baten erretratua izan nahi du filmak, baina giroan nabari den indarkeriak eztanda egiten du une batean. Elkarrekiko gorrotoak definitzen ditu pertsonaia nagusiak, eta moral anbiguoan mugitzen da zuzendariaren mezua. Filmak amaieran egiten dio erreferentzia zuzena Victor Hugoren izen bereko nobelari (1862): “Ez dago plantazio ez gizon txarrik. Kultibadore txarrak daude soilik”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude