Cuaron pertsonalena eta sozialena

Izenburua: ‘Roma’

Zuzendaria. Alfonso Cuaron.

Herrialdea: Mexiko

Iraupena: 135 minutu.

 

Perlak sailera zetorren filmik oihartzun handienekoa zen Alfonso Cuaron mexikarraren Roma. Veneziako Mostran film onenaren Urrezko Lehoia irabazi du hilabete honen hasieran, eta sorturiko ikusmina ez da debaldekoa; lan indartsua da, zuri-beltzeko estetika zaindua darabilena, istorio gordin bezain entrañablea kontatzen duena, Cuaron pertsonal eta intimistena, eta era berean, sozialena agertzen duena. El laberinto del Fauno (2005) eta Gravity-ren (2015) egilea bere jaioterrira itzuli da Roma lanarekin, Mexikora, Y tu mamá también-en (2001) ezagun bilakatu zuen filman egin bezala. Oraingoan, aitzitik, bere haurtzaroari egiten dio erreferentzia zuzena.

Haurtzaroa. Cleo emakume gazte indigenari buruz hitz egingo du. Cleo etxeko langile dabil Roman, Mexiko Hiriko aberatsen auzo batean. Cuaronek bere haurtzaroko zatiak berreskuratuko ditu lanean, bera ere neskame indigena batek hezi baitzuen. Familia burges aberats samarreko kide izanagatik, Cuaronek zintzo antzean erakusten ditu etxeko gatazkak eta gizarte-hierakiaren erretratu gordin bezain emotiboa egiten du, 70eko hamarkadako egoera politiko gorabeheratsuaren esparruan.

Cuaronek berak esan du beretzat ia ama bezalakoa izan zela nezkamea, Cleo, eta nabari da maitasun handiz tratatzen duela bai pertsonaia (Yalitza Apariciok ederki antzeztua), eta baita film osoa ere.  Azpimarragarriak dira zuri-beltzaren erabilera, kameren mugimendu sotila (sarri sekuentzia zirkularrak osatuz), eta familiaren etxe handiko eszenak, bai barrukoak, bai, bereziki, atarikoak. Ataria baita Cloe eta bere adiskide neskamearen joan-etorrien kokaleku nagusia, etxeko zakurraren gorotzek behin eta berriro zikindu eta Cloek eta lagunak aldiro garbitzen duten ezkaratza.

Nabarmentzekoak dira filmaren girotzea, eta bizpahiru sekuentzia ere; esaterako, Cloek barnean daraman haurra ospitalean galtzen duenekoa; eszena hiperrealista, gordina, barrenak astintzen dituena.

Akaso, pertsonaia gehienen onberatasuna da pixka bat kirrinka egiten duena. Film aparta inondik ere, Cuaronen beste alderdi baterakusten duena.

 

 

1 thought on “Cuaron pertsonalena eta sozialena

  1. Cuaron ez da “El laberinto del fauno” filmaren egilea (Guillermo del Toro da), ko-ekoizlea baizik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude