Begirada aldaketa, idealizaziorik gabe

Izenburua: ‘Pájaros de verano’

Zuzendariak: Ciro Guerra eta Cristina Gallego

Herrialdea: Kolonbia

Iraupena: 109 minutu.

 

Indar bisual eta edukizko handia duen filma da Ciro Guerra eta Cristina Gallego kolonbiarrek zuzendutako Pájaros de verano hau. Fabula eta errealitatearen arteko narratibitate poetiko batez Latinoamerikako herri indigenen historiari begirada ezohiko bat eskaintzen zion El abrazo de la serpiente ederrarekin ezagutu genuen Ciro Guerraren zinemagintza. Pájaros de verano-n mantentzen du begirada herri indigenengan jartzeko apustua; edo egokiago esanda, begirada eta ahotsa haiei ematekoa. Hori bai, inolako idealizaziotan erori gabe, eta haien larros-arantzak konplexurik gabeko azalduz.

Mantentzen dute bi zuzendariek aurreko laneko fabulazio eta errealitatearen arteko jolasa, mantentzen dute poetika narratibo oso propio bat erabiltzeko apustua, baina istorioa zehatzagoa da, eta istorioak hartzen du zenbaitetan westernaren, mafien inguruko zinemaren, mendeku jokoaren trazarik ere.

Kolonbiako narkotrafikoaren jatorri hazia kontatzen duen egiazko istorio batean oinarriturik dago filma, 1970eko hamarkadan girotua, AEBetako gazteriak hippie kultura, eta harekin batera, marihuanarekiko mira eta nahia besarkatu zituen garaian. Juajirako basamortuan, Wayuu familia indigena nekazaria marihuana negozioaren enpresari bihurtuko da, abiada izugarrian bihurtu ere. Aberastasuna eta boterea. Eta ondorioz… biolentzia. Balio antzestralen eta kapitalaren arteko borroka.

Kapitalismoaren amuan eroritako komunitate oso bat…

Indartsua. Poetikoa. Beharrezkoa.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude