Soineko madarikatua

Filma: ‘In Fabric’

Saila: Sail Ofiziala

Herrialdea: Erresuma Batua

Iraupena: 118 minutu

 

Iritsi da Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialera, onerako edo txarrerako, denen ahotan egongo den filma: In Fabric. Peter Strickland zinemagile ingelesaren laugarren film luzea da, eta, zalantzarik gabe —Carlos Vermutek, Claire Denisek eta Naomi Kawasek kontrakoa erakusten ez badute—, aurtengo lehiako film sailkaezinena izango da.

Filmeko lehenengo irudi saturatuek eta amesgaizto baten parte balira bezala agertzen diren aurpegiek erakusten dute beldurrezko zinemaren konbentzioekin nahi duen moduan jolastuko duen film bat ikusiko dugula. Cavern of  Anti-Matter taldearen musikak berak 1970eko hamarkadako filmen soinu bandetara eramaten gaitu zuzenean, bere teklatu melodia iradokitzailearekin. Tim Gane Stereolab taldeko kidea izan zena dago musika talde horren atzean. Bide batez, beste musikari batek, Barry Adamsonek (Magazine, Nick Cave & The Bad Seeds, bakarka) ere parte hartzen du filmean. Aktore moduan hori bai.

Filmaren trama gehiegi argitu gabe, honako hau kontatu daiteke istorioaz. Emakume banandu batek soineko gorri bat erosiko du saltegi handi batzuetan, merkealdi bete-betean, egunkariko iragarki baten bidez lotu duen zita batean janzteko. Soineko horrek, baina, bizitza propioa izan dezake, eta bere eragina lazgarria izan daiteke inguruan daudenentzat.

Hori abiapuntua izanik, Stricklandek kontsumismo eroari buruzko satira, italiar giallo-ari omenaldia —filmaren estetikak berak, gorrien erabilerak (soinekoa bera, odola) Dario Argentoren zinema ekar dezake une batzuetan—, eta absurdotik gertu dagoen umorea nahastu ditu, koktel sailkaezin baina erabat iradokitzailea lortuz.

Filma bi zatitan dago banatua, bata bestearen ispilu izango balitz bezala, eta lehenengoa bikaina den bitartean, bigarrenean pixka bat —pixka bat bakarrik— egiten du behera, gialloa-ren eragina pixka bat leundu eta umoreak presentzia nabarmenagoa hartzen duenean. Nolanahi ere, film oso interesgarria egin du Stricklandek. Zeresana emateaz gain, urte batzuk barru ondo gogoratuko duguna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude