Borg / McEnroe; arrakastaren ertzak

‘Borg / McEnroe’ filmako irudi bat; Shia LaBeouf (McEnroe) eta Stellan Skarsgård (Borg) aktoreekin.

 

Ugaritzen ari dira azkenaldian kirolariekin lotutako ‘biopic’ filmak. Materiale ezinhobea eskaintzen dute, besteak beste, egungo gizartearen, norgehiagokan oinarrituriko kapitalaren oin-jokoen, erretratuak egiteko. Arrakasta eta porrota kontzeptu pozointsu eta erlatiboak dira. Eta, hori ondo dakite loria ezagutu duten kirolariek, 1980etako hasieran izar bilakaturiko Björn Borg eta John McEnroe tenislariek, esaterako. Bi horien arteko lehiarik epikoenean, 1980eko Wimbledon txapelketako finalean, oinarrituta osatu du ‘Borg / McEnroe’ filma Janus Metz zuzendari suediarrak. Eta, lortu du, gisako biografia lanekin gutxitan lortzen den hori, bilakaera kronologikotik harago,  gertaera dramatikoz bustitako gorabeherez harago, gogoetarako tartea bideratzea, eta bi protagonistekin nahiz beraien ingurukoekin enpatizatzea. Perlak sailean ikus liteke filma.

Björn Borg tenislari suediarra ordurako izar nagusia zen tenis zirkuituan. Izaera hotzeko kirolari aparta, konzentrazioan eta zehaztasunean oinarritzen zuen bere jokoa; bere arrakasta. Baina barnean sumendia zeraman; izugarrizko presioa, beti txapeldun, beti onena izan baharraren presioa. Eta itotzen zen, gizartean zein irudi emango, jendak zer esango. John McEnroe, aldiz, talentu hasiberria zen. Estatubatuarra. Errebeldea. Rock izarren parekoa. Bi nortasun guztiz desberdin aurrez aurre; baina helmuga, bizibide eta biziezin berberak batuak. Nork bere erara kudeatzen zuen presioa, arrakastaren eta porrotaren arteko talka gupidagabea.

Tenis partida baten erritmoa du filmak. Hasiera lasaia; bukaera klimaxduna. Eta tartean adiskidetasun istorio bat. Oso da aipatzekoa Shia LaBeoufek (McEnroe) eta Stellan Skarsgard (Borg) aktoreek bi tenislarien rolean egindako lana.

1980ko hamarkadan McEnroezale ziren horiek guztiek gozatuko dute filmarekin.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude