‘Handia’; ‘Freak’-aren unibertsotik harago

Moriartiren zeinu marka du, ezbairik gabe, ‘Handia’-k; lirismoa, sotiltasuna, soiltasuna, metafora jokoak, ezkutukoak pixkana azalaraztea… Zentzu horretan ez zait ‘Loreak’-en hain desberdina iruditu, nahiz eta guztiz bestelako istorioa den, eta guztiz bestelako bialiabide estetikoak darabiltzan. Gustatu zait bi anaien arteko harremanaren bidez garai bateko erretratua ez ezik, sasoi orotako talka islatzea: zaharra Vs berria. Eta gustatu zait, euren artean aldeak izan arren, zenbaitetan elkarrekiko azaltzen duten goxotasuna (bi gizonezko, XIX. mendean, landa giroan…). Gustatu zait Altzoko Handia zenari ‘freak’-aren unibertsotik haragoko giza ikuspegia ematea. Uneoro dakusagu pertsona, eta haren barne borroka, hezur eta denbora hotsa. Faltan bota dut filmaren zenbait unetan istorioak beste karga emozional bat izatea, puntx askeago bat izatea, bere erritmo eta estetika liriko horretan ez horrenbeste pausatzea… Zenbait baliabide tekniko ere motz geratu zaizkiela iruditu zait, baina hor ia aurrekontu eta sosak sartuko lirateke, eta hori beste kontu bat da… Biziki merezi du filma ikusteak. Ea zer bide egiten duen, eta aurreantzean ere halako gehiago egiteko parada duten Garaño, Agirre, Goenega eta enparauek…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude