Zinemaldira familia osoarekin joateko aukera

Hilaren 28an, 29an eta 30ean, Nur eta herensugearen tenplua marrazki bizidunetako filma proiektatuko dute Donostiako Zinemaldian, Zinemira sailaren barne. Areto komertzialetan ekainean izan zen ikusgai Juanba Berasategi zenaren azkeneko filma. Lan ederra da, asmakizunez eta jokoz betetakoa. Etxeko txikiek eta haien senideek asmakizunekin jokatzeko aukera ematen duen zinta. Dotorea eta atsegina, aldi berean. Mamia duena, gainera. Berasategi bera marraztuta agertzen da eszena labur batean, eta hori proposatu nahiko nieke BERRIAko irakurleei: pelikula ikustera joan eta Berasategi noiz agertzen den asmatzea. Ekainean ez bazenuten ikusi, ez galdu aukera Nur eta herensugearen tenplua ikusteko.

Bide batez, datorren larunbatean Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Donostiako Zinemaldiak Berasategi omenduko dute kontzertu berezi batean. Joserra Senperena musikariak Nur eta herensugearen tenplua filmerako idatziriko musika interpretatuko du orkestrak. Belodromoan da zita, 12:00etan, eta beste lau filmetako musika joko dute, gainera. Musikazale ororentzat, aukera ederra Belodromokoa.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude