‘Toni Erdmann’ eta ‘Arrival’

Euskal Herriko ekoizpenak ikusi eta horien inguruan gidoiak eta zutabeak idazten ibili naiz Zinemaldian, aurreko lau urteetan bezala. Euskal ekoizpenetatik kanpo ikusi ditudanen artean, berriz, bi lan iruditu zaizkit nabarmentzekoak eta gomendatzeko modukoak: Maren Ade zuzendari alemaniarraren ‘Toni Erdmann’ eta Denis Villenueveren ‘Arrival’ —biak Perlak sailean—. Aita eta alaba baten arteko harremanaren bueltan dabil ‘Toni Erdmann’, hainbat eszenatan umorea erabiliz, baina bere mamiarekin. Gidoi aparta du filmak, pertsonaien bilakaeran ondo sakontzen du eta aktore protagonisten lana ez da makala. Fipresci saria jaso du, urteko film onenari. Lehen eguneko proiekzioan barre tajuz egin genuen, eta hori ez da Zinemaldian egunero gertatzen. Jaialdia ondo hasteko modu paregabea izan zen.

Bestetik, ‘Arrival’ filma zientzia-fikziozko generoan aspaldian ikusitako lanik onenetakoa da. Lurrera iristen diren espaziontzi misteriotsu batzuen istorioa kontatzen da, ia une oro emakumezko hizkuntzalari protagonistaren begietatik. Amy Adams aktoreak jokatzen du rol hori, ezusteko politika bihurtuz. Hizkuntzen komunikazioaren gaineko hausnarketak interesgarriak dira, eta Villeneuvek maisutasunez txertatzen ditu istorioan. Estralurtarren komunikaziorako moduak erakargarriak dira bisualki eta kontzeptualki, eta hizkuntzalari protagonistak haiekin egiten dituen komunikazio ahaleginek zer pentsatua ematen dute. Denboraren jauziekin egindako jokoak ixten du jokoa. Dena den, batez ere zientzia-fikziozko generoaren zaleek gozatuko dute pelikularekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude