Oleaga: “Beste toki batean atzerrikoa izatea nire gaia da”

Maider Oleaga zinemagilea ‘Zurriolako butaka’ saioan izan da gaur, ‘Iragan gunea Berlin’ dokumentalaz hitz egiten. Jose Antonio Agirre lehendakariarekin lotutako proiektuaren filmetako bat da ‘Iragan gunea Berlin’. Maider Oleagari enkargua egin zion ETBk, eta Berlingo erbestealdiaren gaia egokitu zitzaion. “Berlinera joan nintzen, eta hirian atzerritarrak ziren pertsonak bilatzen hasi nintzen. Euskaldunak ere sartu nahi nituen. Eta protagonistetako bat Siriako errefuxiatu bat da”, azaldu du Oleagak ‘Zurriolako butaka’ saioan. Agirre lehendakariak 1941ean Berlinen idatzitako egunerokoaren pasarteak tartekatzen dira, era berean, dokumentalean. “Ezkutuan zegoen Agirre, Berlinen”.

Oleagak berak badaki zer den jaioterritik kanpo bizitzea: “Zazpi urtez Mexikon izan nintzen bizitzen, eta Madrilen beste bost urtez. Horregatik bere herritik kanpo beste toki batean bizitza hasten duten pertsonen gaia ez zitzaidan arrotza egiten. Nire gaietako bat da”. Dokumentalean agertzen den Siriako errefuxiatuaren lekukotza gaurkotasun handikoa da, zuzendariak harekin lortu zuen “gertutasunari” esker. “Gure egunerokoan dago errefuxiatuen gaia. Eta zineman landu beharreko gaia da errefuxiatuena”. Udazken honetan telebistan ikusi ahalko da ‘Iragan gunea Berlin’, ETBn.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude