Gutierrez: “Lantaldean aritzeari garrantzia handia ematen diogu”

‘Zurriolako butaka’-n Zazpi t’erdi ekoizpen etxearen ‘Mara Mara’ filmaz aritu dira Pello Gutierrez ekoizlea eta Josune Gorostegi aktorea. “Gure lagun baten gurasoek borda bat dute Frantziako Pirinioetan, toki eder batean. Pentsatu genuen han pelikula bat egin behar genuela, eta David Aguilar zuzendariak sortu zuen ideia”, azaldu du Gutierrezek. “Zanpatu gabeko elurretan, goizero raketekin bordara joaten ginen. Eta grabaketetan hotz handia pasa genuen, baina lantaldean berotasuna zegoen”, esan du Gorostegik. “Une batzuetan biluzik agertzen naiz filmean. Beraz, hotza sekulakoa izan nuen. Baina taldearen babesa are handiagoa zen”, gaineratu du aktoreak. Gutierrezek nabarmendu du filmaren erabakiak “lantaldean” hartu zituztela, “hierarkiarik gabe”. 40 minutuko filma da ‘Mara Mara’. “Horregatik zaila da kokatzen, ez delako film luzeetan sartzen ezta film laburretan”. Hala ere, orain hasiko dira filma mugitzen. “Zinemaldiaren ostean, Leedseko jaialdira joango gara”. Bihar gauean ‘Mara Mara’-k bigarren eta azken proiekzioa izango du Zinemaldian. Zazpi t’erdi ekoizpen etxeak beste dokumental bat izan du aurtengo Zinemaldian: Juanmi Gutierrezen ‘Oihalak adarretan’, Armeniako diasporari buruzkoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude