Argentinako bi pieza baleko, Horizontesen

Argentinako bi ekoizpen aurkeztu dituzte gaur Horizontes Latinos sailean; Daniel Burmanen El rey del Once eta Francisco Marquez eta Andrea Testak elkarlanean zuzendutako La larga noche de Francisco Sanctis. Bi pieza ondo desberdinak dira; biak, balekoak, nahiz eta gailurrik jotzen ez duten.

Gaur egunean kokaturik dago El rey del Once. Ariel du protagonistatzat. New Yorken ekonomista gisa bizitza berri eta arrakastatsua eraiki ostean bere iragana atzean utzi duela uste du, baina Buenos Airesera itzuliko da bere aitak deituta. Once auzoan fundazio judutar bat gidatzen du aitak; filman zehar harekin elkartu nahiko du Arielek baina ia ezinezkoa egingo zaio, aitak telefonoz egiten baitizkio enkargu eta mandatuak fundazioan lagun dezan. Pixkanaka auzoan, fundazioan eta judutar komunitatean barneratzen joango da Ariel… Artifizio askorik gabe, iraganaren eta orainaren arteko loturak planteatuko ditu Burmanek egunerokotasunaren gurbilari batzuetan umorez besteetan desesperazioz helduz.

Transfondo tragikoagoa dauka La larga noche de Francisco Sanctis-ek. Buenos Aires, 1977. Diktadura militarrak gobernatzen du herrialdea. Francisco Sanctis bulegariak bizimodu lasaia darama bere emaztearekin eta bi umeekin, baina arratsalde batean errutina aldatuko zaio, hogei urtean ikusi ez duen lagun zahar batek deituko baitio eta enkargu bat egin dezan eskatuko baitio, armadak bahitzeko asmoa duen bi lagun salbatzeko. Hortik aurerrako orduak, iluntz-gauekoak, kontatuko ditu filmak, kamera pertsonaiaren atzetik jarriz eta etengaebo jazarpen itoaren sentsazioa emanez. Diktadura militarrak eragiten duen beldur psikologiko eta paranoia azalduko ditu, haren ekintza gordin eta gertaera zehatzak azaldu beharrean; eta funtzionatzen du, nahiz eta batzuetan tentsio narratiboa galdu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude