Maia: “Gure historiaren parte bat dira basoa eta egurra”

‘Gutik Zura’ dokumentaleko zuzendari Jon Maia ‘Zurriolako butaka’ saioan izan da. “Basoaren ikuspegi poliedrikoa” ematen saiatu da Maia ‘Gutik Zura’ dokumentalean. Mari Jose Barriolak zuzendutako proiektu baten parte da ikus-entzunezko lana. “Barriola zuraren inguruko materiala biltzen ari da azkeneko bolada luzean. Gure historiaren parte bat dira basoa eta egurra”, azaldu du Maiak ‘Zurriolako butaka’ saioan. “Adineko hainbat pertsonekin egindako elkarrizketak tartekatuko ditugu lanean. Horietako bat Juantxo Barriola da, gaztetan Alpeetara lanera joan zena, basoak garbitzera. Baso horietako batzuetan eski estazioak egin dituzte gero”. Maiak nabarmendu du garai batean euskal herritarrak atzerrira basoan lanera joaten zirela, eta egun etorkinak datozela Euskal Herrira lan hori egitera. Juantxo Sardonek eta Pixel ekoizpen etxeak egindako lana irudi aldetik ere nabarmendu du zuzendariak. Bere aurreko beste dokumental batzuetan bezala, Maia atzera begira jarri da, aurrera egiteko: “Izan garenaren ispiluaren aurrean jartzen saiatzen naiz. Izan ere, badago irudi mitifikatu bat euskaldunen inguruan: mendi artean geunden artzainak baino ez ginela. Baina Europako siderurgiaren %10 hemen ekoizten zen, eta hori basoetako zuhaitzetatik ateratako ikatzari esker zen”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude