‘Pinamar’, edo anaitasuna zer den

Federico Godfrid zuzendariak berak aitortu du Pinamar bere filmean ez dela, berez, gertakari handirik gertatzen. Eta egia da. Aldiz, ezer gertatzen ez denean gertatzen den horretaz mintzatzeko tresna ona da pelikula, zalantzarik gabe. Eta horretarako, zer hobeto kostaldeko leku turistiko bat baino, neguan, jende oldeak alde egin eta itsasoa bakarti ageri denean? Hantxe, Pinamarren, Buenos Airesetik gertu, kokatu ditu Godfrided Miguel eta Pablo, hil berri den amaren apartamentua saltzera joandako bi anai gazteak. Egonaldian, bi anaien izaera ezberdinak agertuko dira, talkan eta distantzian, finean, anaitasunaz hitz egiteko, eta zehatzago, anaitasuna zer den, anaiak lotzen dituzten gurasoak desagertu direnean. Filmak ez du gorabehera handirik, ez tentsiorik ez akziorik, laua da, baina mimo handiz egina dago, eta enpatia berezi bat sortzen du ongi eraikita dauden pertsonaiekiko, eta bide batez, gogoeta pizten du, gutxitan hausnartutako gai baten inguruan.

Izenburua: Pinamar

Zuzendaria: Federico Godfrid

Saila: Zuzendari Berriak

Iraupena: 85 min.

Puntuazioa: 7

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude