‘Kalebegiak’; irregularra, hanka-motza, eta kolpe ederren bat

Donostia ardatz hartuta egindako dozena bat film laburrek osatzen dute ‘Kalebegiak’ proiektu kolektiboa. Hamabi istorio (15 zuzendariren artean, batzuk bikoteka lan egin baitute), Donostiari zuku zinematografikoa ateratzeko asmoz. Baina ahalegina hankamotz geratzen dela iruditu zait. Batetik, eta bereziki, Donostiaren irudi ohikoegia ematen delako; itsasoa, hondartzak, alde zaharra, portua, arrantza giroa… dira gehien errepikatzen diren eszenategi eta tematikak, eta Donostiaren ikuspegi laburregia ematen dute; apenas dago auzo-girokorik, arazo sozialik planteatzen duenik; Imano Uriberen film laburra da salbuespena; etxegabekoak jasotzen dituen Hotzaldi etxeari buruzkoa da, aski interesgarria.

Bestetik, nahiz eta film labur bakoitzak ez daraman egilearen izendapenik harik eta film osoa amaitzen denera arte, egile bakoitzaren lan gehienak oso identifikagarriak gertatzen dira, bakoitzak erabilitako estiloarengatik; hala nola Telmo Esnal eta Asier Altunaren Iraila, Borja Cobeagaren Bidexka, Julio Medemen La ballena real…

Identikatzen zailagoa egin zitzaidan Daniel Calparsororen Testimonio; genero beltzeko filmak egitera ohituak gintuen, eta honetan dokumental formatua erabili du Barbara Dührkop-en testigantza erakusteko. Barbara Dührkop jatorri alemaniarreko politikari sozialista da, Komando Autonomo Antikapitalistek hildako Enrique Casas politikariaren alarguna. Ikasle talde bati berak bizi izandako esperientzia kontatzen dio. Gatazkaren inguruko errelatoa osatzeko katebegi bat gehiago da, baina harrigarri eta murritzegi ere suerta liteke zabaltzen duen mezua; une batean baitio gatazkarik ez zela izan, nahiz eta geroago aitortzen duen GALen jarduera arbuiagarria izan zela.

Koldo Almandoen estiloa eta tonu sarkastikoa ere identifikagarria suerta liteke Narciso izenekoan, baina ematen duen kolpea da ziurraski film osoko unerik gorenena. Denboran makinan atzera egiten duen gizonezko protagonista, Narcisoren mitoa, Donostia…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude