Gil: “Zinemagile guztiak maila berean daude ‘Kalebegiak’-en”

orge Gil ‘Kalebegiak’ film kolektiboko koordinatzaileak ‘Zurriolako butaka’-n nabarmendu du prozesu “luzea” baina “atsegina” izan dela Donostiarekin lotutakoa. “Hamabi film labur ikus daitezke ‘Kalebegiak’-en. Eta maila berean daude hasiberrien lanak eta beteranoenak”, azaldu du Gilek. Izan ere, ikusleak ez du jakingo film labur bakoitza zein egilerena den. “Ikusi dutenek komentatu digute ez dela igartzen zeintzuk diren hasiberrienen lanak, eta hori guretzat oso pozgarria da”. Velodromoan estreinatuko dute gaur ‘Kalebegiak’. Aurretik prentsaurrekoa emango dute Kursaalean. “Prentsaurreko historikoa izango da Zinemaldian. Zuzendari, aktore eta taldeko beste batzuk batuta, 30 lagun baino gehiago izango gara”. Telmo Esnal zinemagileak Asier Altunarekin batera egin du film laburretako bat, Kontxako Banderako estropada egunean girotua. “Nahiz eta enkarguzko lan bat izan, oso gustura egin dugu lan eta pozik gaude emaitzarekin”, adierazi du Esnalek. Proiektu berri batean buru belarri sartuta dago orain Esnal, euskal dantzekin lotutakoa: “Lortu dugu filma egiteko finantzaketa. Eta datozen hilabeteetan egingo ditugu grabaketak, dantzariekin. Niretzat oso berezia da proiektua, gaztetan dantzaria izan nintzelako”, gaineratu du Esnalek.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude