‘Era o hotel Cambridge’; kontatua izatea merezi duen filma

Luxuzko hotel bat izan zen Cambridge, Sao Pauloko (Brasil) ingurune komertzial eta ekonomikoan kokatua. Hotela itxi eta barrenak usteltzen utzi zuten bai lehengo jabeek eta baita agintariek ere. Egun okupatua dago; etxerik gabeko jendeak, errefuxiatu eta etorkin jendeak, baliabiderik gabekoek hartua dute; han bizi dira, eta beraiek ematen diote bizitza eraikinari. Eliane Caffe zuzendari brasildarrak bere aurreko filmekin ere –Kenôma (1998), Narradores de Javé (2003), O Sol de Meio Día (2009)- argi erakutsi zuen gizarteko sektore baztertuenetan bizi direnen begirada dela intersatzen zaiona, haiei ahotsa eta ikusgarritasuna ematea. Eta ederki egiten du hori Era o hotel Cambridge filmean ere, panfleto errazean erori gabe, eta pertsonaien alde gizatiarrak agerian jarriz. Eguneroko bizitzako dramak, egoera komikoak eta munduari buruzko bestelako ikuspuntuak gertatzear den kaleratzearen mehatxuarekin nahsiko dira.

Kontatua izatea merezi duen istorioa da, egin behar zen filma da. Arazo unibertsala da etxe gabekoena, krisi betean dagoen Brasilgo errealitatea gordinki jo duena, eta Munduko Futbol Txapelketaren eta Olinpiar Jokoen antolaketak estali ez dutena, nahiz eta horretan saiatu izan diren agintariak. Munduko beste hamaika txokotan ere sufritzen dute / dugu arazo bera, baina Brasilgo Cambridge hotela da hango etxerik gabekoek eta errefuxiatuek elkarrekin batera okupatu duten eraikuntza bakarrenetakoa. Filmeko pertsonaia batek dioen moduan: “Guztiok gara errefuxiatuak, kanpotik datozenak eta baita gu geu ere, eskubide oinarrizkoenak kendu baitizkigute”. Film gomendagarria inolako zalantzarik gabe.

Izenburua: ‘Era o hotel Cambridge’

Zuzendaria: Eliane Caffe

Saila: Horizontes Latinos.

Puntuak: 7,5

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude