‘Pedalo’, txikitik handira

Juan Palacioesen (Eibar, 1986) estreinako lan luzea da ‘Pedaló’. Baliabide gutxirekin istorio interesgarri bezain samurra kontatzen du. Hogeita hamar urteren bueltan dabiltzan hiru adiskidiren bidaia iniziatikoa (edo berriniziatikoa) da, itsasoko pedalontzi baten gainean Hendaiatik Bilbora arterainoko bi asteko abentura ardatz duena. Zinemagileak berak ontzitik bertatik jarraitu behar zituen hiru lagunen gora-beherak. Aurrekontu eta denbora epeak tarteko (ontziaren alokairu eta beste) azkenean lurretik egingo du jarraipena. ‘Sea-movie’ eta ‘road-movie’-aren tarteko dokumental bilakatuko da azkenean. Protagonisten eguneroko kezkak (aurrera nola egin, festa eta parranda, maitasun nahi eta ezinak, heriotzarekiko lehen enkontruak…) eta zuzendariak ‘off’ ahotsaren bitartez egindako gogoeta filosofiko sakonagoak tartekatzen ditu filmak, ordubete pasako istorioa sentiberatasun, ‘naif’ ukitu samur eta zintzotasun ia erabatekoz osatuz. Hezur-haragizkoak dira pertsonaiak eta sinesgarri egiten dira guztiz. Barre eta negar egiten dute, kantatu eta oihukatu, esuakraz eta gaztelaniaz mintzo dira. Gaurko eta hemengo mutil gazteak. Pedalontzia bera bezalako da filma, hauskorra baina bizi printzez betea. Istorio txiki ez hain txikia. Obra handi izatetik urrun, harribitxi gomendagarria.

Saila: Zinemira

Izenburua: ‘Pedaló’

Zuzendaria: ‘Juan Palacios’

Iraupena: 71 min.

Nota: 7.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude