‘Neruda’ (Perlak)

Pablo Larrain zuzendari txiletarrari ez zaizkio arauak gehiegi gustatzen: errealitatearekiko fideltasuna izan ohi bada biopic-en kalitatea neurtzeko termometroetako bat, horrekin apurtu du zinemagileak, konplexu handiegirik gabe. Fideltasunaren zamaren arintzea, ordea, ez da erosotasun ariketa izan, Pablo Neruda bezalako figura ia mitiko bat beste molde batez erretratatzeko erronka ekarri diolako bueltan. Eta onik atera da Larrain. Emaitza, Neruda, poeta eta politikari komunistaren erretratu gizatiarra da, erraldoia uxatu eta pertsona ekarri duena pantailara, bere bizio, obsesio eta beldurrekin. Subrealismoaren printzak erantzi dizkio zuzendariak kontakizunari, elkarrizketa absurduak txertatu ditu, espazioak nahastu ditu eszena bakoitzean, eta fikzioaren eta errealitatearen arteko puntu zehaztugabe horretara eraman ditu gertakariak, 108 minututan zehar. Gael Garcia Bernalek antzeztutako poliziak lau haizetara jarraituko du ihesean doan Neruda (Luis Gnecco, bikaina aktore lanetan), eta bien arteko joko zoro horrek eramango du ikuslea ezinbesteko galderara: “zer da erreala, eta zer ez?” Erantzunak berdin du, berdin duenez pantailako Neruda benetakoa ote den. Gauza bat da argia: Larrainen Neruda da. Eta gainontzekoei oparitu digu erretratua, irudi, estetika eta molde ederrean.

Saila: Perlak

Izenburua: Neruda

Zuzendaria: Pablo Larrain

Iraupena: 108 min.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude