Sipo Phantasmaz Almandozekin

'Sîpo_Phantasma'Koldo Almandozek gaur emango du Sipo Phantasma Zabaltegi-Tabakalera sailean. 20:00etan Tabakaleran bertan. Euskal Herrian pase ireki batean ikusteko lehenengo aukera izango da. Orain dela hilabete batzuk, Rotterdamgo jaialdian izan ostean elkarrizketatu zuen Berriak Almandoz. Hauxe da martxoan argitaratutakoa.

‘SÎPO PHANTASMA FILMA
ZURIAN IDATZITAKO ZINEMA BANPIROA
Rotterdamgo jaialdian lehen agerraldia egin ondoren, ozeanoaren bestaldera, Argentina eta Uruguaira bidaiatuko du aurki ‘Sîpo Phantasma’-k, Koldo Almandozen lehen film luzeak. Berekin eramango ditu Dracula eta Murnau, Florence Balcombe eta Bram Stoker. Hamaika istorio edo bakarra.

Idazleak orri zurian bezala. Egunez egun idatziz, moldatuz, berridatziz, ezabatuz. Sortuz. Horrela egin du Koldo Almandozek (Donostia, 1973) Sîpo Phantasma (Untzi Fantasma), bere azkeneko filma. Haren 67 minutuek luzeen kategorian sailkatu arren, zinemagilearen aurreko film laburren izpiritua gordetzen duen collage itxurako lana da. Transatlantiko batean eginiko itsas bidaia, Dracula nobela, F.W. Murnauren Nosferatu filma, itsasontzien istorioak, hondoratzeak, maitasun istorioak eta zinema beraren izaera banpiroari buruzko gogoetak biltzen ditu filmak, horretarako beste horrenbeste kontatzeko modu erabilita: irudi dokumentalak, artxibokoak, paperezko antzerkia… Zinema egitea ikerketa prozesu aske moduan ulertuta, eta matrioxkek bezala, istorio batek beste hamaikara eramanez. Bederatzi atal eta epilogo batean jasotako istorioa(k).

1. ATALA
David Foster Wallace eta itsas bidaiak
Sîpo Phantasma-k badu hasiera bat, abiapuntua ez bada ere. 2013an Koldo Almandoz eta Maider Intxauspe trasantlantiko erraldoi batean sartu ziren, bidaia bat egiteko asmoarekin. «Asmoa nuen han ikusten nuena filmatzeko, labur bat-edo egiteko. Baina une batean hori aldatu egin zen». Ontzi fantasma agertu zitzaion Almandozi; begi bistan jarri. «Gauean ontzi gainera atera eta inor ez zegoen nabigazioaz gozatzen. Bitartean, jende guztia zegoen behean, zonbiak balira bezala, aisialdi bideratu batez gozatzen». Egoera ikusita, Intxauspe «mamu edo banpiro bat balitz bezala» filmatzen hasi zen Almandoz, jakin gabe hortik zer aterako zen.

Bitartean, Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat irakurtzen ari zen, David Foster Wallacek luxuzko itsas bidaia bati buruz idatzitako lana —eta Danele Sarriugartek euskaratu berria—. «Murgiltze moduko bat zen. Banoa trasantlantiko batean, eta trasantlantikoen gaineko liburu bat irakurriko dut… neurri batean antropologo baten gisan; besteek zer egiten duten ikustera». Bidaiak, ordea, ikuspegi hori nolabait aldatzeko balio izan zion. «Horra zoaz besteei sorbalda gainetik begiratzen, baina gero konturatzen zara jendeak benetan pasatzen duela ondo».

2. ATALA
Florence Balcomberen agerpena
Ontzi fantasma eta banpiroak buruan. Eta Bram Stokerren Dracula-ra salto. «Irakurtzen hasi nintzen eta hor Florence Balcombe Stokerren emaztea agertu zitzaidan». Balcombe ezagun egin zen 1920ko hamarkadan, haren senarraren eleberriaren egokitzapen ez aitortua izanik, F.W. Murnauk zuzendutako Nosferatu-ren kopia guztiak suntsitzeko gurutzada batean sartu zelako. Almandoz: «Arakatzen, irakurtzen hasi, eta konturatu nintzen nik neure ontzian filmatutako emakumea Florence Balcombe zela».

3. ATALA
Nosferatu eta banpirizazioa
Demeter ontzia Withbyko (Ingalaterra) portura iristen. Eta barruan (itxuraz) lemari lotutako kapitain hila besterik ez. Nosferatu-ren (1922) irudiak Sîpo Phantasma-n sartzen dira. Eta Murnauk Stokerren nobelarekin bezala Almandozek Nosferatu-rekin. «Nosferatu irakurtzen hasi, eta dena da Dracula-ren kopia dela. Baina gero konturatzen zara Stokerrek ere Carmilla [Sheridan Le Fanuk 1872an argitaratutako nobela laburra] eta banpiroaren mitoa izan zituela oinarrian». Sorkuntza oro beste sorkuntza batean oinarritzen dela alegia. «Gure ezaguera ez dator ezerezetik. Kopiaren irudi txar bat dugu, baina irudi bati narratiba ezberdinak ematea interesgarria iruditzen zait. Aurretiko irudi batek istorio berriak konta ditzake».

4. ATALA
Aditzen ez diren hitzak
Irakurtzen den filma da Almandozena. Literalki. Pantailan idatzita ageri dira Demeter goletako kapitainaren bitakora kaiera, itsas bidaldien historiari buruzko liburuen pasarteak, Balcombek jasotako gutunak eta baita prentsako albisteak ere. «Dracula-k eman zigun bidea». Stokerren nobelan, gutun eta agiri bidez daude kontatuak Transilvaniako kondearen ibilerak, eta antzeko modua aukeratu du Almandozek: «Ez da narrazio zuzen bat, baizik eta kaiera, grabazio transkripzio, telegrama, prentsa albistek bultzatutako istorioa». Horrek, modu batean bada ere, XX. mende hasierako zinema mutuarekin lot lezake Sîpo Phantasma, baina «arrisku hori hor eginda», ez da hala gertatzen. «XXI. mendeko film mutua da; ez garai batean egiten zen zinemaren errekreazioa».

5. ATALA
Artisautza lana eta Melies
Aitzindarien zinemaren arrastoak nabari dira filmean. George Meliesena kasurako.«Garai hartako irudiek sortzen didaten liluratik abiatuta, saiatu naiz beste zerbait egiten. Baina filmak unean uneko irudimenari jarraitzen dio, eta oso modu artisauan eginda dago. Ez dago storyboard-ik, gidoi teknikorik…». Taun Taun taldekoekin elkarlanean egindako paperezko antzerki pieza batek kontatzen du, adibidez, Balcombe Oscar Wilderen ezkongaia izan zela Stoker agertu baino lehen. Itsaso Azkarate eta Karlos Odriozola txotxongilo taldeko kideen etxean egin zuten dena. «Beraiek teatrotxoa prestatu, eta kamera jarri genuen parean. Pentsatzen dut garai batean horrela egingo zela».

6. ATALA
Dokumental izaera
Sîpo Phantasma-k sekuentzia dokumentaltzat jo daitezkeenak ditu, itsas bidaian filmatutakoak kasu. Baina baita dokumentalaren egiteko modua ere. «Gertatzen denari azkartasunez erantzun behar hori», zehaztu du Almandozek. «Prozesua erabat aldatzen da. Gidoia bera muntatze mahaian joan gara idatziz. Hori oso erakargarria da, bildutako irudiekin istorio bat berridatzi behar duzulako».

7. ATALA
Matrioxka baten eran
Sîpo Phantasma istorioez osatutako istorioa da. Matrioxka baten eran, pieza batek beste batera eramaten du, eta horrek beste batera. «Ez da inoiz bukatzen!». Horren adibide bat: iazko uztailean amaitua zuten filma. Muntatze lan bat barne. «Amaitzen zen ontziak utzitako arrastoaren sekuentzia luze batekin». Baina agertu zen albistea egunkarietan: Murnauren burua lapurtu zuten Berlingo Stahnsdorfeko hilobitik. «Txantxetan erakutsi nion albistea Marian Fernandezi [Txintxua Filmseko ekoizlea], baina bi egunetara ohartu nintzen bertara joan behar nuela!». Maider Intxausperen irudiak Murnauren hilobiaren aurrean zirkulua ixten. Baina segi zezakeen… «Dena da bilaketa bat, eta, segituz gero, beste gauza batzuk aurkituko genituen. Ez da inoiz amaitzen».

8. ATALA
Egiteko askatasuna
Filmak uko egiten die narrazio molde konbentzionalei, eta filmatze prozesua ere arauz kanpokoa izan da. Bilaketa jolas bat. «Niri filmak egitea gustatzen zait, eta hemen oso aske egin dut lan. Halako proiektu bat ezin diozu eraman ekoizle bati finantzatzeko eskatuz. Baina zortea izan dut ekoizleak libre utzi nauelako. Hiru urtean joan da eginez, eta oso sorkuntza prozesu polita izan da». Artisautza lana da Almandozena, industriaren parametroetatik oso urrun dagoena. «Hau film merkea da. Labur asko egiten dira diru gehiagorekin».

9. ATALA
Ikusle aktiboa
Puzzle baten gisakoa da Sîpo Phantasma. Markoa eta piezak uzten ditu ikuslearen esku. «Baina ikusleak osatu behar du bere erara. Jakinik horrek arrisku bat duela, hainbatek ez duelako nahiko joko horretan sartu». Informazioa ematen du filmak, baina ikusleak egin behar ditu loturak. Ikusle aktiboa behar du, finean. «Konplizitate bat eskatzen du, baina ez da film abstraktu edota esperimental bat».

EPILOGOA
Ikusteko filma
Rotterdamgo jaialdi ospetsuan estreinatu zuten filma, eta orain zinemaldien bidea egingo du. Montevideon ikusiko da, Buenos Airesko Baficin… Estreinaldi komertziala izatea, ordea, «miraria» izango litzateke. «Gustatuko litzaidake, baina banatzaile batek halako film bat sartu nahi izatea aretoetan… zaila ikusten dut. Gainera, horrek eskatuko luke promozio kanpaina bat, eta ez du zentzurik pelikulak baino kostu handiagoa izango lukeen kanpaina bat egitea. Horrekin beste film bat egin genezake. Eta niri pelikulak egitea gustatzen zait».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude