Muguruzaren ‘Nola!’, Zinemira sailean

Fermin Muguruzaren ‘Nola!’ dokumentala Zinemaldiko Zinemira sailean emango dute, hilaren 20an —20:30— eta hilaren 21ean —22:45—. Dantzan jartzen zaituen lana da, New Orleansen girotua. New Orleans hiriak ez luke mereziko ostean (AEB) idaztea, ez baitu Ameriketako Estatu Batuetako toki bat ematen. Askatasun haizeak sumatzen dira bertako musikarien ahotsetan. Katrinaren hondamendiaren ostean, uretatik berpiztu zuten hiria, hango beltzek eta zuriek. Musika itzuli zen hirira. Eta hori modu erakargarrian kontatzen du Muguruzak. New Orleansek hainbat musikari elkartu zituen gainera, Irungoak, bere kanten bertsio neworleasarrak interpretatzeko. Disko batean bildu zituen. Eta prozesu hori dokumentalean jasoa dago, bizitasunez.
Duela egun batzuk Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak esan zuen Muguruzaren ‘Black is Beltza’ proiektua bidean dagoela, datorren urteari begira. Datozen egunetan Muguruza Donostian topatzen badugu galdetuko diogu ea zer izango den ikus-entzunezko ‘Black is Beltza’ proiektu hori. Bitartean, ‘Nola!’-rekin gozatzeko aukera dago. Gora New Orleans!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude