Animaziozko film ilun eta liluragarria

‘Psiconautas’ filma aurkeztu dute Zabaltegi sailean A Coruñako Alberto Vazquez eta Bilboko Pedro Rivero zinemagileek. Hondamendi ekologiko batek astindutako uharte batean bizi dira bi protagonistak: Dinki eta Birdboy. Animazioaren munduan gehienetan ikusten diren istorioen aldean bestelakoa da film honetakoa. Gordina, zitala, mingarria. Tarteka umore beltzak arindu dezake ikuslearen egoera animikoa. Edonola ere, mundu liluragarri batean barneratzen da ‘Psiconautas’ ikustera esertzen denak. Gidoia aparta da, pertsonaiak landuak daude eta kritika soziala ere suma daiteke une batzuetan. Beltzera itzaltzeak luzeegiak dira, agian, pertsonaien tramak aldatzen direnean. Istorioaren iluntasunarekin bat egiten dute, akaso. Huskeria, dena den, beltzera joaten diren une horiek. Filma aparta da, Zinemaldian proiektatu diren animaziozko beste film batzuen parekoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude