Klaustrofobikoa

Son of Saul (Laszlo Nemes)

Dena da zarata, dena bultzakadak, kolpeak, irainak (“JUDUTAR ZERRIA!!!!”), Auschwitzeko kontzentrazio esparrukoko gas kameren eta errausketa labeen bueltan. Dena da tristura, mesfidantza eta itxaropenik eza preso daudenen artean.

Saul da horietako bat. Sonderkommando deiturikoetan lan egiten du, naziek gas kameretan akabatuko dituztenei urrea, dirua eta objektuko baliozkoak kentzen, kamerak garbitzen, gorpuak labeetara garraitzen, eta labe horiek elikatzen. Badaki denbora gutxirako jarduna izango dela berea, bera eta bere komandokideak ere hilko dituztela, eta, hortaz, bukaerako unearen aurretik ekintza gizatiar bat egiteko beharra sentitzen du: ume baten gorpua behar bezala lurperatzea. Bere asmoa bakarra, beraz, errabino bat topatzea da.

Baina komandokide ustelek eta ez hain ustelek beste zeregin batzuk dauzkate harentzako, labeak eta kamerak lehertuz kontzentrazio esparrutik ihes egitea planeatzen ari baitira.  Saulek, ordea, bereari eutsiko dio, eta jokabide horrek heriotzara aldez aurretik eraman ditzakenez, traizioa egitea leporatuko diote. “Jada hilik gaude-eta”, erantzungo dio Abraham kideari.

Holokaustoari buruzko hamaika film egin dira, baina Nemesek bere lehen pelikulan planteatzen duena ezberdina da besteen aldean. Hasteko, ausarta da formalki. Kamera sorbaldan hartuz, Saulen mugimendu guztiak jarraituta osatu du filmaketaren %90a. Horrek klaustrofobia sentipen bat eragin diezaioke ikusleari, nolabaiteko monotoniarekin batera. Aurrenekoa helaraztea bada zerbait; bigarrena transmititzea, aldiz, ez da bada hain ona… Bestalde, beharbada gehiegi zehaztu nahi izan ditu komandokideen arteko trapitxeoak, beste guztiaren kaltetan.

Cannesko zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen maiatzean, eta epaimahaiak Grand Prix saria eman zion.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude