Erlijioak itota

Iona (Scott Graham)

Auskalo zergatik alde egiten duten Iona 30 urte pasatxoko emakumezkoak eta Billy Bull 15 urteko bere semeak aurrenekoaren jaioterrira, Hibreda uhartera, Eskoziako ipar-mendebaldera. Zergatik erretzen ote duten autoa. Zer dela-eta egiten dien harrera hotza Elisabeth Ionaren txikitako lagunak, eta haren senar Matther eta aita Danielek.

Pixkanaka argituko da dena, urratsez urrats jakingo du ikusleak non dagoen ama-semeak arrastaka daramaten dramaren jatorria. Erlijioak zeharo blaitutako lurralde zoragarri bezain desatsegin horretan ez baitaude elkar komunikatzera ohituta. Dena isiltzen, itotzen, dute jainkoaren izenean.

Baina Billyk ezin du egindakoarekin bizi, eta Elisabeth eta Matthweren antzera, erlijioari esku uzten du bere izate oinazetsua, amak agindutakoari kasurik ez eginez. Ionak, dena den, nahikoa dauka iraganeko mamu guztiei aurre egiten. Ama alkoholiko eta drogazalea, semearen aita aitorrezin bat, larruazalaren kolore salataria gizarte ezin zuriago batean… Dantzan soilik aska dezake barneko korapilo beruneztatua.

Askatzen hasten denerako, ordea, beranduegi izango da.

Scott Graham Iona dramoiaren egileak berak aurkeztu du pelikula gaur eguerdian, eta emanaldiaren ondoren gogoz txalo egin diote begiak bustita zeuzkaten ikus-entzuleek.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude