Uriberentzat ez da sinesgaitza

Lejos del mar (Imanol Uribe)

Jendeak barre egin dio prentsako emanaldian, eta sekuentzia dramatikoenak eta gordinenak pantailan agertzean burlaizez erreakzionatu. Ikus-entzule dezenteri ez zaie inondik ere sinesgarria iruditu Uribek kontatzen duena, eta gupidarik gabe erreakzionatu. Niri ez zait bada hain pelikula txarra iruditu…

Kartzelan 22 urte igaro ostean, Parot Dotrinaren ondorioz aske geratzen da Santiago Argote Bengoa, eta Sotoko kartzelan ezagututako Emilioren etxera, Almeriara, joango da bizitzera. 28 urte lehenago hil zuen militarraren alabarekin, Marina mediku ezkonduarekin, topo egingo du han kasualitatez. Emakumezkoak sentitzen duen amorru guztia jaurtiko du bere aita hil zuen gizonaren kontra, baina behin une katartikoa pasatuta, eta haren damua adituta, beste begi batzuekin begiratuko dio; maitemindu egingo dira, gainera…

Marinaren ingurukoek, ordea, ezin dute hori ulertu. Bai Santiri eta bai Marinari ahanztea egiten zaie zailena, eta, gainera, behin eta berriz gogoraraziko diete biek bizitako tragedia.

Ikusleek ere ezin dute ulertu, antza. BERRIA atzo bildu zen Uriberekin (bihar argitaratuko dugu elkarrizketa), eta esaten zuen ea zergatik ez den posible halakoak ematea, munduan egunero gertatzen direla gauza ezin harrigarriagoak. “Istorio humano bat da”. Ea nola defendatzen duen gaur emango duen prentsaurrekoan.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude