Maider Fernandez: “Eskertzen dugu baliabideak izatea lan egiteko”

Kalebegiak proiektuaz aritu dira gaur ‘Zurriolako butaka’ saioan Maider Fernandez eta Jorge Gil.


Maider Fernandez, Maria Elorzarekin batera, Kalebegiak proiekturako film labur bat ari da egiten: ‘La vendedora ambulante’. “Donostiako gaua islatu nahi genuen, eta horretarako kaleko saltzaile baten pertsonaia erabili dugu. Grabaketak hiru gauez egin genituen. Orain edizio lanetan murgilduta gaude”. Kalebegiak proiektua Donostia 2016k jarri du martxan. Hamabi film labur egingo dituzte hainbat zinemagilek, hiriaren erretratu anitz bat egiteko asmoz. Datorren urteko Zinemaldian estreinatuko dituzte. Bederatzi pieza zinemagile profesionalek egingo dituzte. Beste hirurak hautatzeko deialdi bat egin zuten. “75 proposamen jaso genituen, eta horietatik hiru aukeratu genituen. Horietako bat da Maider Fernandez eta Maria Elorzarena”, azaldu du saioan Jorge Gil antolatzaileak. Moriarti ekoizpen etxea antolaketa prozesuan murgildu da, eta horretan ari da Gil. Fernandezek eskertu egin du ekimena. “Eskertzen dugu batez ere baliabide gehiago izatea, lan egiteko eta gure proiektua aurrera eramateko”.
Saio berean, Iñaki Lazkano Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak Krystztof Kieslowski zinemagileaz hitz egin du. Izan ere, zuzendari poloniarraren inguruko euskarazko liburu bat aurkeztu du gaur bertan Kursaalean.
Kritikarien solasaldian, Info7ko Gaizka Izagirre eta Berriako Beñat Eizagirre izan dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude