Siriako errefuxiatuen aurpegiak, Jordanian

Zinemira sailean ematen ari dira egunotan ‘District Zero’ dokumental interesgarria. Jorge Fernandez Mayoral, Pablo Iraburu eta Pablo Tosco zuzendariak Jordaniako Zataarin grabatutako lanean, Siriako errefuxiatu bat da protagonista: Maamun Al Wadi. Sakeleko telefonoen denda txiki bat du eremuan, eta han nola bizi den kontatuko dute dokumentalean. Haren lagun batek hitz gogorrak egiten ditu une batean: “Seme-alabek ura eskatzen zidaten Siriatik irten ginenean, eta ezin nien eman. Zer egiten duzu halako egoera batean?”. Gizatasunez betetako lana da ‘District Zero’, benetakoa. Pena da ikuslea gogoz uzten duela gehiago jakiteko. Gune horretako emakumeak zertan ari diren. Haien etorkizuna nola ikusten duten. Gerra nola bizi izan duten. Egoeraren arrastoak ageri dira, gordin, protagonisten hitzetan. Ikuslea jakinmin gehiagoz gelditzen da, eta agian hori zen egileek lortu nahi zutena. Gaurkotasun handiko lana da, edonola ere, ‘District Zero’. Ikustea merezi duena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude