Modu inteligentean

Irango agintariek nolabaiteko etxeko atxiloaldia ezarri zioten Jafar Panahiri duela bost urte, baina zinemagileak, hiru jaialdi handien kutunenetako batek, pelikulak egiten jarraitzen du. Taxi Teheran dokumental faltsuan beti arduratu izan duten gaiei heldu die, eta azken urteotan han ondutako beste film batzuek egin bezala (Asghar Farhadiren A Separation eta Rakhshan Bani-Etemaden Ghesseha kasu), Iranen beraren eta hango herritarrek bizi duten errepresio egoeraren berri ematen du.

Panahi bera da taxiaren gidaria. Kamera bat dauka jarrita parabrisan, eta horretatik ikusten da nortzuk igotzen diren autora: atrakatzailea, irakaslea, istripua izan duen gizona eta bere emaztea… DVDak pirateatzen dituen gizon txikitxoak, ordea, gidaria Panahi dela deskubritzen du. Eta hasten zaio, ilusioz gaindi, bere beste film batzuez (Crimson Gold, Offside…) hitz egiten.

Pelikulako izarra, ordea, hamar bat urteko neskatoa da, zinemagilearen iloba. Hark ere kamera bat dauka, eta komentatzen dio osabari irakasleak esan diela pelikula bat egin behar dutela etxeko lan gisa, baina gai batzuk ezin dituztela jorratu, pertsonaiek modu batera edo bestera agertu behar dutela filman, hura eta bestea. Eta hain zuzen, azken urteotan hori da Panahi bezalako zinemagileek saihestu nahi dutena: Iran jakin bat, agintariek nahi dutena erakustea.

Eta lortzen du, horretarako han bizi direnen lekukotzei ahotsa emanez, eta ukitu komikoko road movie moduko dokumental faltsu bat onduz.

Pelikula onenaren Urrezko Hartza eman zioten Berlinalen, joan den otsailean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude