Egarri dira

Jajda / Thirst (Svetla Tsotsorkova)

Europa ekialdean ekoizten dituzten pelikula gehienak lehorrak dira; edo molde horretakoak dira, behintzat, hona iristen direnak. Gordinak, txantxetarako denborarik ez dutelako geografia horietan. Iazko Zinemaldian eman zituzten bi dira horren eredu: Cain’s Children dokumental hungariarra (Marcell Gero) eta The Tribe fikzio mutu ukrainarra (Miroslav Slaboshpitsky).

Svetla Tsotsorkova bulgariarrak zuzendutako fikziozko lehen lan luzeak ere aipatutako bien iturritik edaten du: pertsonaia malenkoniatsuak, ingurune deprimituak, biolentziarekiko jarrera erabat naturala… Baina Jajda-k behintzat, kolpe komiko nabarmenak, gozagarriak, dauzka, eta horrek arintzen du kontakizunaren gogorra; horri esker aurre egiten diete pertsonaiek bizi duten dramari.

Egarria esan nahi du euskaraz filmaren izenburuak, eta, hain zuzen, ura da filmeko protagonistei falta zaiena. Bulgariako herrixka bateko muinoan bizi dira bikote bat eta beraien seme nerabea, eta inguruko ostatuetako izarak garbigailu industrial zahar batean garbituz ateratzen dute bizimodua aurrera. Aitak, gainera, telebistak eta era guztietako aparailuak konpontzen ditu.

Urik ez dutela-eta, ur bilatzaile bat kontratatuko dute. Iritsiko da hura bere alaba gaztearen konpainian, altxatuko dute kanpin denda, eta hasiko dira lanean, lurra zulatzen. Neskato ilehoriaren nortasunak, jarrerak, ordea, familiaren ordura arteko elkarbizitza pausatua aztoratuko du.

Egarri dira, sekulako beroa egiten du, eta horrek denei, eta zentzu guztietan, eragingo die. Herrixkako tabernan tragoren bat joz eta eraikin abandonatu bateko kristalak harrika txikituz arintzen dute egunerokoaren astuna. Baina lehortea eta ur bilaketa gehiegi luzatzen ari dira.

Pelikula oso-oso humanoa da Tsotsorkovaren opera prima, eta badauzka Aki Kaurismakiren zinemaren ezaugarri batzuk.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude