Altuna: “Garrantzitsuena urriaren 16an hasiko da”

Asier Altuna eta Iraia Elias, ‘Amama’ filmeko zuzendaria eta aktorea, ‘Zurriolako butaka’ saioan izan dira gaur.

Altuna pozik azaldu da filma aurkeztu eta Sail Ofizialean lehiatzeagatik. “Sariak badatoz primeran, baina benetako saria publikoarena izango da, urriaren 16tik aurrera zinema aretoetara joaten bada”. Egun horretan estreinatuko dute Euskal Herriko areto komertzialetan. Bergarako zinemagileak aipatu du behin gidoia idatzi ostean askok aipatu dizkiotela euskal artistei egindako erreferentziak. “Ondotik etorri da hori”. Halaber, nabarmendu du “amaitzen ari den mundu bati” omenaldia egin nahi ziola filmarekin, txikitan ezagutu zuen baserri munduari, alegia. Iraia Eliasentzat zineman egindako lehen lana izan da. “Antzerkian oso adierazkorra naiz. Filmean, aldiz, dena izan da kentzea, bajutik jotzea. Baina oso lan interesgarria izan da”.
Kritikarien solasaldian, Sustatuko Xabier Mendiguren Elizegik eta Goienako Imanol Gallegok ‘Amama’ filma goraipatu dute. Saioaren amaieran Gazteztuloko Leire Palaciosek ere ‘Amama’ filma asko gustatu zaiola adierazi du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude