Zinemazaleek, zinemazaleentzat

‘Hitchcock / Truffaut’ (Kent Jones) – Perlak

Gaur egun Alfred Hitchcocken zinema errespetatua ez ezik, laudatua eta goretsia da alde guztietatik, bai kritikarenetik eta baita publikoarenetik ere. Gezurra badirudi ere, 60ko hamarkadan ez zen horrela. Kritikariek entretenimendu soiltzat hartzen zuten, oro har, haren zinema. Francois Truffaut zinemagile frantziarra ez zegoen ados ikuspegi mugatu horrekin eta Hitchcocken zinemagintza xehetzeko eta haren balioak mahai gainean jartzeko  Le Cinéma selon Hitchcock liburu ezinbestekoa argitaratu zuen 1966an. Liburu hura hartu du oinarritzat Kent Jones zinemagile estatubatuarrak, argitaratu zela ia mende erdi igaro denean, Hitchcock / Truffaut film dokumentala ontzeko.

Eta film entretenigarri bezain sakona da; tira, akaso entretenigarriagoa sakona baino, baina Hitchcocken zinema mundua ulertzeko lagungarria edonola ere. 1962an hasita hainbat elkarrizketa egin zizkion Truffautek Hitchcocki; 500 galdera eta hainbat grabaketa ordu. Galdera zein erantzun horietako batzuk entzun litezke esaterako dokumentalean, adibidez, Hitchcockek adierazten duenean publikoa kontuan hartzea ezinbestekoa zela beretzat, filmak egin beharko liratekeela 2000 lagunek elkarrekin ikusi ahal izateko moduan. Baina, filmak duen puntu erakargarriena da, AEBetako gaur egungo beste hainbat zinemagilek Hitchcocken jarduerari buruz hitz egiten dutela; tartean dira, David Fincher, Richard Linklater, Wes Anderson edota Martin Scorsese. Azken honek ematen ditu, ziurrenik, memoria gaitasun harrigarri bati esker, gogoetarako giltza egokienak. Hitchcockek berak ere bazuen kezka bere egiteko moldearen gainean. Bere buruari galdetzen zion estiloa bera, hain markatua bere kasuan, ez ote zitzaion kaiola bihurtu, ez ote zuen gehiago esperimentatu behar, “artistagoa” izan behar… Zinemazaleak gozatuko du filmarekin; plazer txiki handi bat da zineman sartu (Viktoria Eugeniakoan, adibidez) eta Hitchcock / Truffaut ikustea.

Puntuak: 7

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude