Lara Izagirre: “Oso pozik nago filma Zinemaldian estreinatzeagatik”

‘Zurriolako butaka’ saioan gaur Lara Izagirre zinemagilea izan da lehen protagonista. Bihar Euskal Zinemaren Galan estreinatuko dute bere lehen film luzea: ‘Un otoño sin Berlin’.

Gidoiaren bertsio bat euskaraz zuen idatzia Izagirrek. “Baina aktore protagonistaren bila hasi nintzenean, Irene Escolar aurkitu nuen. Horrek konbentzitu ninduen filma gaztelaniaz egitera”. Dena den, ideia asko ditu buruan etorkizunari begira, eta egingo du filmen bat euskaraz. “Gidoiarekin hastean, zein aktore euskaldun aukeratu nahi ditudan pentsatu beharko dut”. Gustura dago Zornotzako zinemagilea filmaren estreinaldia dela-eta. “Zinemaldian eta Euskal Zinemagilean estreinatzea ohore bat da. Oso pozik nago”. Duela bi urte film labur bat aurkeztu zuen Culinary Zinema sailean, Eneko Atxa sukaldaria protagonista zuena.
‘Zurriolako butaka’ saioko kritikarien solasaldian Argia-ko Mikel Garcia eta Zinea.eus atariko Uxue Arzelus izan dira. Biei gustatu zaie Altunaren ‘Amama’.
Saioaren azken partean, #euskarazbizinahidut film laburren lehiaketako irabazlea elkarrizketatu dute: Iker Azkoitia. ‘Semeak’ lanari esker, lehen saria eraman zuen larunbatean profesionalen atalean. Filmeko aktore protagonista Azkoitia bera da. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok “balorazio positiboa” egin du film laburren lehiaketaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude