‘Amama’, haustura ez traumatikoa

‘Amama’ (Asier Altuna) – Sail Ofiziala

Asier Altunaren ‘Amama’-ren indar sinboliko eta bisuala nabarmena da. Baserria belaunaldien arteko talkaren kontzeptu gisara lantzen du, eta asmatzen du eten horren zuloa azaltzen, modu hunkigarrian zenbaitetan, baina baita galtzen denarekiko mira eta errespetua ere, mundu zahar horretatik birzikla litekeena era konstruktibo batean azalduz. Akaso, Neolitikora arteko sokaren metafora oteiziarrean (80 amama…) gehiegi insistitu izanak pisu esentzialista handiegia ematen dio filmari zenbait pasartetan. Aktoreen lana txukuna da oso, baina Kandido Urangarena (Tomas baserriko gizonezko zaindari eta familiako aitaren rolean) azpimarratuko nuke bereziki. Altunak ez du posizio manikeista bat hartzen baserriaren inguruan, aldaketa baten berri ematen du, eta azaltzen ditu baserriaren, tradizioaren gordailu horren, alde deshumanizatzaileak baina halako begirada maitakor samur batez. Paisaia, pertsonaiak eta baserriaren beraren erretratua oso dago lotua ‘euskal mundu’ batekin, Gipuzkoakoarekin, batez ere, baina lantzen diren gaiek dimentsio zabal eta unibertsalagoa dute.

 

Puntuak: 7

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude