Harresien bi aldeak, ispilua bitan zatituz

Walls dokumentalaren inguruan ‘Basquewood’ zutaberako idatzitako hitzak:

Zinismoz eta hipokresiaz beterik diren garaiotan, Siriako errefuxiatuen aldeko mezuak ari dira zabaltzen azken aldian politikari eta agintari ugari. Melillako harresia defendatzen duten berberak dira. Europara sartu nahi duten afrikarrak mespretxatzen dituzten politikari berberak. Horregatik, eta ez bakarrik horregatik, une aproposean iritsi da Walls dokumentalaren (Zinemira) estreinaldia. Hungarian Serbiako mugan jarri duen harresiarekin aztoratzen direnek, behintzat, ikusi beharrekoa baitute Pablo Irabururen eta Migeltxo Molinaren lana. Txarrantxa kiribildu zorrotza, biziraupenari eutsi nahi dion errefuxiatua zaurituz. Badira munduan halako egoera jasaten duten makina bat gizaki. Zineman krudelkeria jasotzea, estimatzekoa.
Dokumentalean hiru harresitako irudiak azaltzen dira: Mexiko eta Ameriketako Estatu Batuen artekoa, Maroko eta Espainia artekoa, eta Zimbabwe eta Hego Afrikaren artekoa. Kamerak bi aldetan jarri dituzte egileek. Hau da, harresia gainditu nahi dutenen errealitate krudela zein harresiaren zaindarien egunerokotasuna. Kazetaritzan aritzen diren guztiek bi aldeak islatzeko ahalegina egingo balute fidagarriagoa litzateke prentsa, zin-zinez. Zinemarako Walls lanean hor da saiakera. Irudi gordinekin, pantaila zenbaitetan bitan zatituz, eta edizio lan oso txukun batekin. Nazioartean zer esana emango duen dokumentala izango da.
Harresien zentzugabekeria da lanaren tesia. Harresien bi aldetan dauden pertsonek errepikatzen duten aldarria, bakoitza beretik. Biziraupenaren jokoan, harresiak gainditu nahi dituzten begiak. Minez. Seme-alaben etorkizun hobearen itxaropen, minez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude