Barne asaldigarria

‘El Club’ (Pablo Larrain) -Horizontes Latinos

Film gogorra da aurtengo Horizontes Latinos zabaldu duena, Pablo Larrain txiletarraren El Club. Gogorra eta aparta. Gordina eta barne astingarria. Ez du jomugan dituen gertaera gordinak esplizituki agertzen, haren ondorioak bai. Eta gorpuz txarra uzten dizu. Kasu erreal bat du oinarrian El Club-ek, hainbeste kasu errealetatik bat gehiago. Txileko hainbat elizgizonek haurrei egindako sexu gehiegikeriak, hain zuzen ere. Ez da agertzen haur bakar bat ere filman, ez da agertzen haur horiek pairaturiko bortxazko egoera bakar bat; baina hala ere, bortxazko atmosfera itogarria arnasten duzu, kirats usteldua usaintzen. Elizaren, Klub boteretsu horren kritika gordina da, panfletoan erori gabe kontzientzia sozial kolektiboari atzimurka egiten diona, egitateak beraiek erakutsi beharrean, ondorioak, azaltzen dituena. Bai haur bortxatu izandako baten (biktima) pairamena eta baita elizgizonen (borreroak) usteltasuna. Eta, hala ere, une batzuetan barrea ateratzen zaizu, pertsonaien hizketaldiek barregura ematen dizute, ondo jakin gabe, egoera benetan ote den komikoa edo nonbaitek hats askatzaile exixtentzial batek ihes egin behar dizun… Eta galdetzen diozu zeure buruari ondo ote dagoen halako tenorean barre egitea… Benetan azpimarratzekoa Roberto Faria aktoreak Sandokan pertsonaiaren larruazalean sartuta (haur bortxatu izandakoa) egindako lana; ze bakarrizketa ‘ikaragarriak’ boz goraz egindako horiek!

Puntuak: 8 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude