Amets gaiztotik ihesi

‘Evolution’ – Lucile Hadzihalilovic (Sail Ofiziala)

Ordu bat eta hogei minutu eskas ditu filmak. Eta eskerrak. Ez diogu muina harrapatu; izango du akaso ezkutuko mezu sakonik, baina metafora arranditsuegia suertatu zaigu. Harira. Irla bakarti bat. Mutil-koxkorrak eta emakume gazteak biztanle bakar. Frantsesez mintzo dira, mintzo diren apurretan. Ile-horiak dira haur mutiko gehienak; halatsu itsas-lamia deabrutuen itxurako emakumeak. Mediterranear inguruko irla bat izan liteke, baina gehiago dirudi mundu imaginario zeken bat, paradisutik oso aldenduta behar duena. Emakumeek mutikoei ebakuntza misteriotsu, nardagarri eta ulergaitzak egiten dizkiete. Ez da beste ezer askorik gertatzen. Azaldu nahiko du gizatasuna zein bide ankerretan doan aurrera, edo atzera, eta medikuntza zein aldrebes bilaka litekeen, baina… Nicolas haur protagonistak emakume erizain bakar baten enpatia-edo lortuko du, eta amets-gaiztotik irteteko bidean jarriko da… filma amaitzean ikusleok jarri garan modu bertsuan. Filmaren anbiguitatea larregizkoa begitandu zaigu. Irudi iradokitzaileak bai, atmosfera misteriotsu desatsegina ere bai… baina zer gehiago? Edo kultuzko film bihurtuko da, edo erabateko ahanzturan erori. Erdibiderik ez. Harrituko gintuzke sarien lehian sartuko balitz.

 

Puntuak: 4

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude