‘Pikadero’, asmo oneko film txikia

Bertuteak eta ahuleziak ditu Ben Sharrock zinemagile eskoziarraren ‘Pikadero’ euskarazko filmak (Zuzendari Berriak). Landua da irudi aldetik, plano ederrak ditu. Zabaltzen diren plano batzuk ikusgarriak dira. Komedia ukitua suma daiteke une batzuetan. Eta horrekin batera, kritika soziala badago. Baina hain dira zozoak bi pertsonaia protagonistak. Geldo doa erritmoa pasarte askotan. Zozotasuna, euskal zozotasuna, muturreraino eramaten du zuzendariak. Intentzioz, argi denez. Eta pelikula ikusi duenak ezagutuko du Joseba Usabiagaren pertsonaiaren tankerako euskaldun zozo bat baino gehiago. Beste kontu bat da filma publiko guztientzat erakargarri bilakatuko duen zozotasun horrek. Argumentuan ere ez dago korapilo handirik, istorio txikia da. Filma bera txikiegia da, agian. Edonola ere, euskarazko zinemagintzan halako ekoizpenentzat tartea egotea ere pozgarria da. Zozotasun horri zenbait ikuslek aurkituko diote grazia, behintzat. Hala bedi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude